Daniel Beltrá

Spill

2010. urtean, Mexikoko golkoan zegoen Deepwater Horizon petrolio-plataforma 1.500 metroko sakoneran hondoratu zen, metano-ihes batek eragindako eztanda jasan eta gero. Ondorioak izugarriak izan ziren: ia bost milioi petrolio gordin-upel isuri ziren itsasora –horietatik %75 oraindik ere itsas hondoan daude– eta kostako ehundaka kilometro kaltetu zituen historian gertatu izan den petrolio-istripurik handienak. Daniel Beltrá aditua da aireko argazkilaritzan eta oso kontzientziaturik dago ingurumenarekin; Greenpeace erakunde ekologistak hondamendi hura dokumentatzeko enkargua egin zion. Bi hilabetez atera zituen argazkiak ur-hegazkin baten leihotik, 900 metroko altueratik. Emaitza irudi tragikoki ederren multzoa da, eta irudi horiek ikusterakoan etsipenean erortzea erraza da.

 

Madrilen jaio zen eta Seattle-n bizi da (Washington). Azkeneko bi hamarkadetan lanari esker zazpi kontinenteak bisitatu ditu eta hainbat erakusketa egin ditu Brasilgo amazonian, artikoan, ozeano australetan eta Patagoniako izotz-zelaietan. Sari ugari jaso ditu, besteak beste, hainbat World Press Photo, China International Press Photo, Global Vision Award (Pictures of the Year International), Prince´s Rainforest Project, Wildlife Photographer of the Year, Lucie Award (International Photographer of the Year). Bere lana The New Yorker, Time, Newsweek, The New York Times, Le Monde eta El País egunkarietan argitaratu dute. International League of Conservation Photographers ospetsuko kide ere bada.

 

Instalazioa