Giulio Di Sturco

Aerotropolis

XIX. mendean zubiek eta XX. mendean autopistek hirigintza definitu zuten era berean, XXI. mendean aireportuek eratuko dituzte hiriak. John Kasarda akademiko iparramerikarraren iritzia da hori, eta 2012an berak sortu zuen “aerotropoli” kontzeptua, etorkizuneko hiri adimentsuak izendatzeko. Hiri berri horietarako, aireportuak euren konfigurazioaren mugarri nagusiak izango dira, negozioak, komertzioa edo komunikazioa erakartzeko fokuak dira-eta. Kontzeptuak hasieratik erakarri zuen Di Sturco eta 2011n megalopoli berri horien handitasuna fotografiatzen hasi zen, adibidez Songdo Berria, Hego Korean. Hala ere, irudiek nolabaiteko beldurra ezkutatzen dute; gizartea norabide horretan joateak eta biztanleak aldi berean bidaiariak izateak liluragarria dirudien arren, autore honen iritziz aurrerapen teknologikoak eta erosotasunak prezio altua izango dute, autoritateak, herritarra, une oro behatzeaz gainera, herritar hori bakardade handi batean murgilduko delako.

 

Milanen jaio zen 1979. urtean, Londres eta Bangkok artean bizi da eta Europan, Asian eta Afrikan egiten du lan batik bat. Birritan irabazi du World Press Photo Awards-eko lehenengo saria, eta baita Sony World Photo Awards eta British Journal of Photography ere, besteak beste. Giuliok argazkilaritza dokumentalaren mugak zabaltzen jarraitzen du, estetika etengabe hobetuz eta bere hiztegi bisuala handituz, baliabide berriak eta zaharrak erabiliz. Bere lanaren zati handi bat gizakiek, ingurumenean eta teknologian eboluzionatzen ari diren inguruetan, bizi dituzten zorigaiztoetan oinarritzen da. Gaur egun Institute-k ordezkatzen du.

 

Instalazioa