In Flux

Harley Weir, Emine Gozde Sevim, Nigel Swann, José Pedro Cortes, Sergiy Lebedynskyy & Vladyslav Krasnoshchok

Shoair Mavlian eta Monica Allende komisario dituen talde-erakusketa

In Flux erakusketa Greziako krisiaren erantzun gisa sortu eta 2015eko udan zabaldu zen, Bigarren Mundu Gerraz geroztik bizi izandako errefuxiatuen exodorik handienaren erdian. Erakusketaren helburua egungo gizartearen izaera arina eta trantsiziozkoa eta egun bizi dugun ziurgabetasun-egoera ezagutzera ematea izan zen. Hurrengo urtean errefuxiatuen krisia areagotu egin zen eta horrekin batera, Britainia Handiak Europar Batasuna uztea- ren alde bozkatu zuen ustekabeko erreferendumean. 2017an ziurgabetasun-egoera horretan murgildurik bizi gara oraindik eta bada, azterketa egin eta EBren egungo egoera zalantzan jartzeko garaia.

In Flux erakusketak gure aldaketa-egoera islatzen duten sei artisten lanak biltzen ditu eta nazioarteko egituren hauskortasuna, egitura hauek desegin daitezkeen arintasuna eta aldaketaren berehalako helduera esploratu nahi ditu. Batez ere Europan eta Europar Batasuneko periferiako bizilagunengan arreta ipiniz, erakusketak egungo giro sozial, politiko eta ekonomikoa hartzen ditu kontuan, eta helburu nagusi bi ditu: balantzea egin eta artistek egoera aldakor horiei nola erantzun dieten aditzera ematea.

Erakusketak gai hauek ditu ardatz: mugen dokumentazio fisikoa eta Europako paisaia; ekialde-mendebalde harreman korapilatsua; protesta eta erresistentzia momentuak; migrazioa eta errefuxiatuen krisia. Aurkeztutako gertaerak arinak eta aldi berean latzak dira; besteak beste, José Pedro Cortes-ek europar kostalde dekadente eta utziari buruz egindako ikerlana edota Nigel Swann-ek Ipar Irlandako mugari buruzko lana, Brexit-a eta gero mugak lekuz aldatzeko aukera mahaigaineratzen duena. Sergiy Lebedynskyy eta Vladyslav Krasnoshchok ukrainarrek, 2014an Maidan enparantzako protesta harrigarrien lekuko izan zirenak, Europako periferiako matxinadak jaso dituz- te. Antzekoa da Emine Gozde Sevim-en lana, gero eta ezegonkorragoa den Istanbul erdialdeko bizitzan barneratu dena. Harley Weir-ek berriz, Europa osoan handia den errefuxiatuen krisia deigarri egin nahi du.

Erakusketaren izenburuak –In Flux– esanahi bikoitza dauka. Batetik, egungo trantsizio egoeraz ari da, eta bestetik, beren bidaia eta eskarmentuarekin gure paisaia aldatu eta birmoldatzen duten pertsonen jarioaz.

Berriki gertatutako jazoeren inguruan gogoeta egiteko aukera eskaini nahi du erakusketa honek, eta baita ere etorkizunari begira galderak egiteko aukera, izan ere, artista bakoitzak behaketa eta perspektiba ezberdinak landu ditu egungo ziurgabetasun-egoeraz.


HARLEY WEIR, Home

Erresuma Batua, 1988

Homes serieko argazkiak –2016ko urriaren 17 eta 28 bitartean Calais-eko migratzaile eta errefuxiatuen kanpamentuetan eginak– behin-behineko kokaleku hau hustu baino lehenagokoak dira. Weir-en argazkiek bertan bizi direnen gizatasuna eta argitasuna islatzen dute, izan ere, desplazamendu egoera batean etxekoa eta familiarra dena eraikitzeko gauza izan dira. Egileak kanpamentuko etxeak eta eremu pribatuak erakusten dizkigu, testuinguru honetan eutsi egiten duten gizatasun eremu txikiak agerian jarriz.

Homes liburuaren salmentaren irabaziak La Cimade-ri emango zaizkio, errefuxiatu eta immigranteen giza-eskubideak babestu eta defendatzen dituen erakunde frantsesari.


EMINE GOZDE SEVIM, Homeland Delirium
Turkia, 1985

Emine Gozde Sevim-en Homeland Delirium (2013) proiektuak, urte hartako Istanbuleko Taksim Gezi parkeko protesten sentimendua jaso nahi du. Nahiz eta irudiak bertatik bertara hartuak izan, lanaren kalitate zinematografikoak ‘beste mundu baten’ sentsazioa iradokitzen du, irudi hauen eta hedabideetan ikustera ohituta gauden protesta-irudien arteko kontrastea oso handia baita. Egia eta fikzioa nahastuz, lan honek egunerokotasuna eta kaos-momentuak tartekatzen ditu borroka egunetako bizitzaren bestelako narrazioa sortuz.


NIGEL SWANN, Borderlands
Ipar Irlanda, 1962

Nigel Swann Ipar Irlandako Armagh konderrian jaio zen eta 90eko hamarkadaren bukaeratik Irlandako Louth konderrian bizi da. Konderri biak muga-eremuan daude eta gatazka garaian oso militarizatuta egon ziren. 1998an Ostiral Santuko Hitzarmena sinatu zenetik, muga hauek ikusezin bihurtu dira eta ez da bertan tirabirarik eman.

Brexita iragarri eta gero, Swann-ek inguru hauek dokumentatzeko proiektuari ekin zion. Bere ikerketak oinarri bi zituen: “paisaia eta memoria” eta “genius loci”, Erromako mitologiaren arabera toki baten babes-espiritua adierazten duten irudiak. Bere proiektuak “palinpsesto paisaia” honek agerian utzitako hondarrak dokumentatzen ditu, lehengo egoera eta sentimenduen oihartzunak, gaur egungo giro politikoaz hitz egiten dutenak.


JOSÉ PEDRO CORTES, Costa
Portugal, 1976

Costa serieak apokalipsiaren ondorengoa ematen du, kolore gabea, dena eguzki kiskalgarripean hilzorian balego bezala. Lisboatik 14 kilometrotara dagoen Costa da Caparica izeneko suburbio udatiar jendetsua ezagutzera ematen du lan honek. Bertako hondartzetara udan jende mordoa joaten da. Baina eskualde hau eskasian bizi da; aisiaren ekonomia eta hiriaren zaharberritze politikak ez dira gizarte, arkitektura eta ingurunearen ahultasunak ezabatzeko gai izan.

Irudiek bidaia fisiko eta mentala iradokitzen dute, eta Cortes-en hitzetan “zibilizazioaren azken aurrerapena eta hondartzaren arteko tarteaz dihardute. Etxolak, etxe-hondarrak, mareak utzitako hondakinak, etxebizitza eta kale txepelen pilaketa, leku periferikoa… Denborak eta gizakiaren borondate anarkikoak desitxuratu duten muga-eremua”.


SERGIY LEBEDYNSKYY & VLADYSLAV KRASNOSHCHOK, 
Euromaidan
Ukrania, 1982 & 1980

2014ko urtarrilaren 19an Ukraina Europar Batasunean sartzearen alde zeuden ukrainarren protesta baketsua gerra zibilean bilakatzeko zorian egon zen. Eztandak, bahiketak eta diktadura-erregimenak burututako torturak… gertaerak oso arin areagotu ziren. Lebedynskyy eta Krasnoshchok-ek Kiev-era bidaiatu eta protestak dokumentatzeko erabakia hartu zuten orduan.

Euromaidan proiektuak Europako ertzetan inoiz ez bezala lehertu zen asaldura erakusten du. Kiev-eko istiluak eta gero, Lebedynskyy eta Krasnoshchok-ek kamarak Errusiaren aldekoa den Donbass eskualdera eraman zituzten, Ukrainaren ekialdera. Gatazka honek egun irauten du, eta nahiz eta Europatik hurbil egon ez daukate inolako lekurik mendebaldeko komunkabideetan.

 

Instalazioa

Harley Weir[/caption

[caption id="attachment_27496" align="alignleft" width="1200"] Emine Gozde Sevim

Nigel Swann

José Pedro Cortes

Sergiy Lebedynskyy & Vladyslav Krasnoshchok

]