Yan Wang Preston

Forest

Txinako Yangtze ibaiaren luzeraren inguruko argazkilaritza-lan bat egiten ari zen bitartean, Prestonek 300 urte baino gehiago zituen zuhaitz zoragarri bat aurkitu zuen Xialiu herrixkan. Zuhaitzen edertasunak ezezik etxe eta patioek ere liluratu zuten, baina handik hiru hilabetera itzuli zenean irudi mingarria aurkitu zuen. Presa bat egin ondoren herrixka urpean gelditu zen eta zuhaitza handik bi ordura dagoen Binchuan hiriko luxuzko hotel batek erosi zuen. Zoritxarrez, hori ez da kasu bakarra eta zuhaitzen birlandaketa oso industria indartsua bilakatu da Txinan. Ingurua bizigarriagoa egiteko asmoz, zabaltzen ari diren hiriek zuhaitz helduak erosten dituzte beren espezieen “errespetagarritasunaren” arabera, haiek bizirauteko behar dituzten ingurumen-baldintzak kontuan hartu gabe. Prestonek jardute horiek kontserbazio-ekintzatzat hartu behar ote diren eta horrek guztiak eragiten duen gatazka ulertzen ote dugun galdetzen du; Forest-ek gai horien inguruko elkarrizketa irekiko duen itxaropena dauka.

 

Henan-en jaio zen, Txinan, 1976. urtean. Shanghain medikuntza ikasi eta Erresuma Batura emigratu ondoren, argazkilaritza ikasten hasi zen 2005. urtean. Argazkiak mitoak desafiatzeko eta paisaiaren azalera fisikoaren atzean ezkutatzen diren konplexutasunak azaltzeko duen moduak pizten dio interesa Preston-i. Sari garrantzitsuak jaso ditu, adibidez Sisheido Photographer Prize eta munduko hainbat hiritan erakutsi ditu lanak; Chongqing-eko Three Gorges Museum-en edo Wuhan Art Museum-en egindako bakarkako erakusketak nabarmentzekoak dira. Hainbat aldizkaritan ere argitaratu ditu bere lanak, hala nola, Royal Photographic Society´ Journal-en eta mundu osoko bilduma publiko zein pribatuetako parte ere bada.

 

Instalazioa