Public Protest Poster

Raúl Goñi & Santi Grau

Raúl Goñi diseinatzaile nafarraren Public Protest Poster proiektua protestarako diseinu tresna bat da, hiri aktibismoaren eta diseinu ireki eta kritikoaren aldeko proposamena. Helburua, kartelen bidez esateko zerbait duten pertsona guztiei ahotsa ematea da, eta baita ere, adierazpen askerako espazioak sortzea hiri, herri, auzo eta kaleetan, erabiltzen ez diren ormak erabiliz. Ekintzan oinarrituta, hezkuntza-prozesuak kartelen sorkuntzarekin nahasten ditu, gizarte-aldaketa eragin dezakeen ezagutza sortzeko. Era berean, diseinatzaile formalistaren rolaren aldaketaz gogoeta egiten du, gizarte-berrikuntza eta estrategiarekin lotura gehiago daukan papera aldarrikatuz.

Konfinamenduan zehar, Public Protest Posterrek ustekabeko oihartzuna lortu zuen: pertsona askok tresna erabili zuten, Raúlek proiekzioak egin zituen Bartzelonako bere etxetik eta proiektoreen sare bat bultzatu da diseinatzen diren posterrek mundu osoko hirietako hormetan beren lekua izan dezaten.

Tresnak lizentzia libreekin egiten du lan, eta mugikorretarako bakarrik dago eskuragarri. Erabiltzea oso erraza da: publicprotestposter.org webgunean zure telefonoarekin sartu eta jarraibideak bete besterik ez duzu egin behar. Zure posterra diseinatuta daukazunean, pdf formatuan gorde ahal izango duzu, eta zuk nahi duzun lekuan partekatu edo proiektatu.