Smile! You Are Out Of Camera

Estampa Kolektiboa

Estampa kolektiboaren instalazio bat, segurtasun-kamerak ugarituz kontrol-sistemei eta gure irudiaren erabilerari buruz hausnartzeko. Smile! You are out of Camerak objektuak identifikatzen trebatutako ikusmen konputazionaleko sistema erabiltzen du, Getxoko kaleetan instalatutako kamera batek zuzenean hartutako bideo-seinale bat aztertzeko. Sare neuronalak etengabe prozesatzen du emisioa, mugitzen ari diren objektuak koadro zuri baten azpian ezkutatuz. Une horretan webcam-aren aurrean dabiltzan pertsonak, ibilgailuak edo animaliak automatikoki desagertuko dira.

Segurtasun-kameren ugaritzeak erregistro konstante eta izugarria sortu du, eta erregistro hori aztertu, identifikatu eta sailkatu egin behar da. Lan hori, duen bolumen handiagatik, gizakiak ezin du bere baitan hartu, eta makinei eskuordetu die. Hainbat automatismo arduratzen dira irudiak adierazteaz, kalean, merkataritza-guneetan edo aireportuetan gizabanakoak identifikatuz. Mundu hiperbisual honetan, ikusezintasun digitala inor gutxik gozatzen duen probilegio bihurtu da, eta Europar Batasuna bezalako erakundeak Interneten ahazteko eskubidea onartzera behartu ditu. Estampa kolektiboak gobernuen eta korporazio teknologiko handien kontrol eta zaintza-tresnen erabilerak aldatzea proposatzen du, herritarren zirkulazio askea ahalbidetzeko.