Flesh Love All
Hutsean ontziratutako bikoteak eta familiak, etxe eta lorategien aurrean, horiek ere hutsean ontziratuta. Photographerhal ezizenarekin, Haruhiko Kawaguchi japoniarrak bizitza perfektua lortu nahi izateak eragiten duen antsietateari buruzko erretratu-sorta kezkagarria aurkezten du. Gaur egun, produktibitatearen kulturaren barne sartzen da ni-a marka pertsonal gisa diseinatzea, mirespenerako eta kontsumo publikorako fabrikatzen dena eta, bertsio kontserbadoreenean, garaikur gisa erakutsitako familia-ingurunera zabaltzen dena: maitasun erromantikoa, seme-alabak eta etxe on bat dira garaipenaren froga bizitzako arlo guztietan.
Itotzeko zorian dauden irudi plastifikatuekin, Photographerhalek bizitza perfektuaren kultura honen atzealde toxikoa seinalatzen du, non geure “txutxu-mutxuen aldizkari”-ko azalean gaudela dirudien. Psikologoek ohartarazi dutenez, bizitza erreala eta erakusten dena zenbat eta desberdinagoa izan, orduan eta handiagoa da osasun mentaleko nahasmenduak izateko arriskua. Halaber, besteren zoriontasun-irudi faltsuak etengabe kontsumitzea da sare sozialen erabilera antsietate-koadroekin lotzen duen arrazoietako bat.
Tokion jaioa, bertan ikasi eta bizi da. Argazkigintza ikasi zuen, hango publizitate agentzia bateko argazki sailean lan egiten zuen bitartean. Bere lana taldeka zein banaka erakutsi izan du makina bat museo, galeria eta jaialditan, besteak beste, Rencontres d’Arles (Frantzia), Gallery Tosei (Japonia), Studio Bizio (UK), License Art Gallery (Taiwan), Ibasho Gallery (Belgika), Blue Sky Gallery (AEB). Tokyo Photographic Art Museum, Black Gold Museum (Saudi Arabia) eta Japigozzi Collection-en (AEB). 2021ean, Len Culture Critics Choice-ren TOP 10aren parte izan zen, eta beste aintzatespen ugari ere izan jaso ditu, esaterako, Sony World Photography saria edota Prix de la Phographie Paris.

AIRE LIBREKO INSTALAZIOA
14 – PHOTOGRAPHERHAL
Flesh Love All
LEKUA: Ereaga hondartza, Algorta
Laguntzailea:
