-
Komisarioa eta gaia 2023
ETENA!
2021aren hasieran, beldur bat ezartzen da elite ekonomikoen artean. Milioika langile beren lanpostuak uzten hasi dira, lehenik eta behin Estatu Batuetan, hilean 4 milioi pertsonara iristen dira zifrak, eta, pixkanaka, baita Europan ere. Dimisio Handia ezizenez ezaguna, fenomenoa konfinamenduaren ondorio gisa interpretatzen da, Mendebalde postindustrialean inoiz ikusi gabeko zerbait eragin duena: produkzio-erritmoa etetea. Egun batetik bestera, denbora dago pentsatzeko, perspektiba hartzeko eta lehentasunak berriz ebaluatzeko. Espazio mentala askatzen da. Psikologoek eta soziologoek uste dute denbora-soberakin hori, ETENALDI! global ikaragarri eta ustekabeko hori, enplegua modu masiboan uztearen jatorrian dagoela, eta horrek berdin eragiten diela soldata altuak dituzten langileei zein prekarioenei. Dirudienez, motibazioa ez dira baldintza ekonomikoak, higadura emozionala baizik.
Joera ez da erabat desagertu, eta horrek zerbait garrantzitsua adierazten digu etenaldiaren potentzial politikoari buruz. Presa, hiperproduktibitate eta etengabeko konexioaren garai hauetan, aisia bera ere eraginkor bihurtu da, badirudi ez dagoela errentagarritasunak konkistatu ez duen bizi-esparrurik, eta, gelditzea –edo beste modu batean presente egotea– keinu iraultzaile bihurtu da. Jada ez da nahikoa Bartlebyren “Nahiago nuke ez egin” hura; Herman Melvillek XIX. mendearen erdialdean imajinatu zuen bulegari arduratsua zen Bartleby, lasaitasunez bere lanak egiteari utzi ziona. Gaur egun, gelditzeko nahia argi eta garbi adierazten da, eta, agian, hori izan liteke sistema berrezartzeko modu bakarra.
Mundua ezin da gelditu
Digitalizazioak eskala-aldaketa ekarri badu ere, produktibitatearen mitoa lagun dugu aspaldidanik. Alferkeria bekatu nagusi den kristau jatorriko sinesmen errotuak ez gaitu abandonatu. Descartesek, Humek edo Lockek gizaki modernoa beti lanpetuta dagoen gizaki gisa definitzen dute, aurrerapenaren zibilizazio-proiektuari etengabe emana. Bizitza kontenplatiboa eta geldotasuna emakumeentzat eta ahulentzat dira, hau da, garapen ekonomiko eta intelektualetik kanpo daudenentzat. Ordutik gaur arte, hiperproduktiboak dira heroi berriak, lan-mundua gainditzen duen ideia. Alain Corbinek bere Atsedenaren historia liburuan adierazten duen bezala, hori da garai modernoaren (produktibitatea lanera mugatuta zegoenean) eta gaur egungo garaiaren (atsedena bera industria bihurtu denean) arteko aldaketetako bat. Corbinentzat hori bat dator atsedenaren esanahi sozialaren aldaketa batekin, pixkanaka erlaxaren eta entretenimenduaren merkatuak ordezkatu duena. Gelditzea, jada, ez da ezer ez egitea, jarduera batzuk beste batzuengatik aldatzea baizik.
Gainkarga orokorra da. Lana, harreman pertsonalak edo astialdi deiturikoa –ez da hala– efizientzia-logika baten mende daude, eta modu multitarean eta bizkor egin behar da. Asko, aldi berean eta oso azkar egitea da FOMO (Fear of Missing Out) kontrolatzeko modu bakarra, azkena galtzeko beldurra adierazten duen sindrome garaikidea, dena delakoa, guri interesatzen zaiguna edo ez: hileko seriea, asteko eskandalua, eguneko story-a.
Ez dugu atsedenik hartzen ezta atseden hartzen dugunean ere, egiten dugun guztiak helburu bat izan behar duelako. Maite ditugunon audioak abiadura azkarrean entzuten ditugu, haien isiluneetarako eta zalantzetarako astirik ez dugulako. Denera iritsi nahi dugu, baina badirudi ez garela ezertara iristen.
Paradoxikoki, gehiegizko jarduerak anestesiatu egiten gaitu. Estimuluen gaindosiak tunel efektua sortzen du, inertziaren errailetan jartzen gaituena eta erabaki berriak hartzea eragozten diguna. Brigid Schulte ikertzailearen arabera, atsedenak sormenaren sare neuronalak aktibatzen ditu eta erantzuteko gaitasuna biderkatzen du, baina horren faltak gure koziente intelektuala 13 puntura murrizten du, ikaskuntza eta kontzentrazioa murriztuz. Jonathan Craryk, 24/7. Kapitalismo berantiarra eta ametsaren amaiera lanaren egileak, gogora ekartzen du atsedenik ez hartzeak eragina duela gaitasun fisiko eta kognitiboetan, baina nortasunaren zentzua galtzea ere badakarrela. Muturreko desjabetza modu bat da, burnout kontzeptua ondo harrapatzen duena. Termino hori gaur egungo ondoez zehaztugabe hori deskribatzeko erabiltzen da, eta hitzez hitz “erreta” esan nahi du: gorputzekoa ez ezik, psikikoa ere den neke mota bat. Horregatik ez zen inor harritu Netflixeko CEOak esan zuenean bere lehiakide nagusia ez direla beste plataformak, erabiltzaileen loa baizik. Negozioentzat ekonomikoki hildako tarteak baino gauza okerragorik ez dagoenez, atsedenik hartzen ez duena da kontsumitzaile perfektua.
Diseinuagatik gain-estimulatuak
Katearen mutur batean lorik egiten ez duen erabiltzailea badago, bere lo-orduetan ere esplotatua dagoena, beste muturrean dago ekoizpen-eredu berria, kapitalismo informazionalaren bereizgarria, arretaren ekonomia, alegia. Ez gaude soilik “diseinu aldetik triste”, Geert Lovink medietako teorikoak sare sozialek eragiten duten depresioari buruz dioen bezala. Gainera, izaki hiperproduktibo bihurtzen ari gara diseinu teknologikoaren ondorioz. 24/7ko kultura, hau da, egunean 24 orduz eta astean 7 egunez etengabe libre egotearena sistemaren featurea da, deskonektatzea ezinezkoa bihurtu den azpiegitura sozio-teknikoa. Horixe ezkutatzen du gailuen sleep moduak: apur bat itzali ditzakegu, baina ez erabat. Sleep modua existitzen da off modua jada ez delako aukera bat.
Sare sozialak eta, oro har, belaunaldi berriko app guztiak jokabide konpultsiboak sustatzeko pentsatuta daude, garunak dopaminarekiko duen mendekotasuna, ongizate sentsazioaren ardura duen hormona, esplotatuz. Mekanismoa txanpon-makinetan eta gamifikazio-ingurune guztietan aplikatzen da, eta estimulu positiboak ausaz sortzen dituen sistema bat diseinatzean datza (like bat, iruzkin bat, sari bat). Diseinu teknikoa da, eta deskonektatzen ez uztearen ondorio psikologikoa eragiten du. Narkotizatuta gaude, baina, egoera horretan ere –edo, hain zuzen ere, horrela gaudelako–, produktiboak eta errentagarriak izaten jarraitzen dugu. Are gehiago.
Badakigu ekoizpenaren kontrola gai politikoa dela. Lan-eskubideen historia lan- eta atseden-denborak arautzeko borroka gisa irakur daiteke: zortzi orduko lanaldia, igandeko atsedena edo, gaur egun, lau eguneko lan-astea. Andreu Belsuncesek “kronopolitikaz” hitz egiten du denboraren erabileraren inguruan ados nola jarri ginen kontatzeko, eskala gero eta handiagoetan, kanpandorreetako ordularietatik, komunitate osoarentzat ikusgai, erabilera indibidualeko erloju pertsonaleraino eta mugikorreraino. Azken etapa GPS sateliteak dira, mugikorrak, ordenagailuak, aireko eta bideko trafikoa, zerbitzariak eta datu-zentroak sinkronizatzen dituen planeta-sare erraldoiaren arduradunak. Muturreko sinkronizazio horrek konektatutako erakunde guztien artean –gizakiak, azpiegiturak eta aplikazio informatikoak– partekatutako denbora globala sortzen du, prozesamendu-sare ultrabizkor batean elkartuta.
Denbora azkartu egin dela sumatzen badugu, horregatik da. Izan ere, gure gorputzak, beren erritmo fisiologiko pobrearekin, sistema konputazional itzel horretan txertatuta daude, erloju-sare gizagabe batean, hitzaren zentzurik literalenean. Edo, beste era batera esanda: denborak eskuetatik ihes egiten digulako sentsazioa benetakoa da; izan ere, azpi-nanosegundoetan funtzionatzen duten programa informatikoak asma ditzakegun arren, ezin dugu esperimentatu erabiltzen duten denborazkotasun mota. Denboren arteko talka horren eguneroko adibide dira laguntza pertsonalerako adimen artifizialak; makina-itxura gutxiago edukitzeko direna baino motelagoak izateko programatuta daude. Sirik edo Alexak dagokien abiaduran hitz egingo balute, ez genieke ezer ulertuko.
Getxophoto 2023tik ETENALDIAZ hitz egiten dugunean, ikuspuntu horretatik egiten dugu. Hiperproduktibitatea eguneroko bizitzan nola sartzen den eta irudiek zer paper jokatzen duten interesatzen zaigu. Gure mundu azeleratuaren barrualdeari eusten dioten beste kosmobisio edo espazio ez-emankor batzuen garaiak adierazten dituzten ikusizko narratibak interesatzen zaizkigu. Sakoneko ekologiaren iruditeria alternatiboak interesatzen zaizkigu, zeinaren arabera gure ziklo biologikoak ez baititugu ezagutzen, planetarenak ezagutzen ez ditugun bezala. Informazioaren kontsumo azeleratua eta ekonomia bisualera nola itzultzen den interesatzen zaigu. Denborak argazkigintzari egiten diona eta argazkiak denboraren esperientzia subjektiboari buruz kontatzen diguna interesatzen zaigu.
Horregatik, gure ETENALDIA! ez da besterik gabe gelditzearen ospakizuna, nahiz eta denoi etorriko litzaigukeen ondo erritmoa jaistea. Argi dugu, opor batzuk hartzea, adibidez, eskubidea dela, baina pribilegio bat ere bai, eta gorputz batzuen etenaldiari beste batzuen gainkargak eusten diola. Goblin rolloa ere ez zaigu interesatzen, ume-itxura duen heldua irudikatzen duen elfoa, egun osoa sofan ematen duena, arduragabe eta deprimiturik. Aipatutako etenaldia ez da pasibotasunaren sinonimoa, are gutxiago deskonexioaren sinonimoa. Gauza batzuetatik deskonektatzea esan nahi du, bai, baina besteekin hobeto konektatzeko. Presente eta libre egoteko beste modu baten aldeko deia da, beste arreta-kalitate baten aldekoa. Izan ere, Remedios Zafra filosofoak dioen bezala, denbora ez galtzeak gure bizitza gauzez betetzea dakarrela pentsatzeko joera dugu, baina agian hori da denbora galtzeko modurik onena.
BIBLIOGRAFIA

Liv Strömquist, No siento nada Herman Melville, Bartleby, el escribiente, Austral, 2012 [1853]
Tung-Hui Hu, Digital Lethargy. Dispatches from an age of disconnection, MIT Press, 2022
Michael Ende, Momo, Alfaguara, 2007 [1973]
Mark Fisher, Realismo capitalista. ¿No hay alternativa?, Caja Negra, 2016
Andrew Smart, El arte y la ciencia de no hacer nada, Paidos, 2013
Jorge Moruno, No tengo tiempo. Geografías de la precariedad, Akal, 2018
Brigid Schulte, Overwhelmed: How to Work, Love and Play When No One Has the Time,
Picador, 2015
Jenny Odell, Como no hacer nada. Resistirse a la economía de la atención, Ariel, 2021
Amy Ireland, Filosofía-ficción, Holobionte, 2020
Yuk Hui, Fragmentar el futuro: ensayos sobre tecnodiversidad, Caja Negra, 2020
Jill Bennett, The Big Anxiety. Taking Care of Mental Health in Times of Crisis, Bloomsbury, 2022
David Rooney, A Tiempo. Una historia de la civilización en doce relojes, Alianza Editorial, 2022
Graciela Speranza, Cronografías. Arte y ficciones de un tiempo y sin tiempo, Anagrama, 2017
Corinne Maier, Buenos días, pereza. Estrategias para sobrevivir en el trabajo, Península, 2004
Madeleine Dore, I didn´t do the Thing Today, Murdoch Books, 2022
Liv Strömquist, No siento nada, Reservoir Books, 2021
Byung-Chul Han, Vida Contemplativa: elogio de la inactividad, Penguin Random House, 2023
Juan Evaristo Valls Boix, Metafísica de la pereza, Ned, 2022
Azahara Alonso, Gozo, Siruela, 2023
>> Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea
KOMISARIOA

Ramón Qanta María Ptqk
1976an Bilbon jaioa, María Ptqk ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazioarteko Zuzenbide Publikoan Paris II – Sorbonnen, Kultur Kudeaketan Masterra Bartzelonako Unibertsitatean, DEA Kulturaren Zuzenbidean Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Artearen, teknozientziaren eta feminismoen arteko elkarguneetan egiten du lan, eta consonni argitaletxearen aholkularitza-taldeko kide da. Besteak beste, honako hauekin egin du lan: Medialab Prado (Madril), Azkuna Zentroa (Bilbo), Fundación Daniel y Nina Carasso, CCCB (Bartzelona), Jeu de Paume (Paris), La Gaité Lyrique (Paris), GenderArtNet (European Cultural Foundation) edo LABoral (Gijón). Komisariatu dituen erakusketen artean, Soft Power (Amarika Proiektua, 2009), A propósito del Chthuluceno y sus especies compañeras (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Reset Mar Menor. Laboratorio de imaginarios para un paisaje en crisis (CCC Valentzia, 2020), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB Bartzelona, 2021 – Asociaciò Catalana de Crítica d´Art Sarietan finalista eta Azkuna Zentroa, Bilbo, 2022) eta Extinción Remota Detectada (LABoral, Gijón, 2022).
Artistak 2023Itxialdia vol.10ZITAK
Itxialdia vol.10
NOIZ: Ekainak 2, ostirala
NON: Punta Begoña Galeriak (Ereaga kaia 6)
Alba Lafarga, Elisa Medde (F. Makking), Luis Juárez (N. Colazo), Azahara Cerezo, Jon Uriarte (E. Font), Marta Gili Gure jarduera gogokoenetako batekin itzuli gara, nahitaez bete beharreko hitzordu batekin;). Irudi garaikidearekin zerikusia duten gaiak berrikusteko eta bateratzeko gunea. Bertan parte hartuko dute Alba Lafarga –kultur kudeatzaile eta video saiogilea YouTuben–, Elisa Medde –Foam aldizkariko edizio arduraduna–, Jon Uriarte –Londreseko The Photographer’s Gallery-ko komisario digitala–, Marta Gili –Frantziako Argazkilaritzaren Goi Eskola Nazionaleko zuzendaria–, María Ptqk –kultura-ikertzailea eta Getxophotoko zuzendari artistikoa–, Azahara Cerezo –artista eta komisarioa– y Luis Juárez –Balam aldizkariaren editorea–. Hitzaldiak eta elkarrizketak goiz oso batean, giro lasaian eta ihesbiderik gabeko lekuan, ez hizlarientzat ezta bertaratzen direnentzat ere.
Diseinuak azeleratuta
9:30 – Aurkezpena eta ongi etorria
10:00 – Boterea Egin Publikoa
IIrudi garaikidearen praktikak Foam Magazine eta Balam plataformen eskutik, Luis Juárez, Elisa Medde eta Jon Uriarterekin11:20 – Ezin al da mundua gelditu?
Edizio honetako bihotzeraino goaz ETENAk gure bizitzetan duen esanahiari buruz hitz eginez, Marta Gili, Alba Lafarga y María Ptqkrekin12:30 – Atsedenaldia eta kafea
13:00 – Irudi digitalaren azpiegiturak eta materialak
Irudien ingurumen-inpaktuaren inguruko elkarrizketa Azahara Cerezo eta Jon Uriarteren arteanLuis Juárez
Editorea eta kultur-kudeatzailea
Hondurasen 1991n jaia Buenos Airesen (Argentina) bizi eta lan egiten du Luis Juárezek. 2015etik, Revista Balam aldizkaria editatzen eta zuzentzen du. Argazkilaritza garaikideari buruzko aldizkari honetan, gutxiengoekin eta disidentziarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituzte alez ale. MIGRAko zuzendaria ere bada, Buenos Aireseko Arte Liburuen Azoka eta Argentinan egoitza duen kolektiboa. MIGRA hain zuzen ere, argitalpen eta arte inprimatuetarako espazio komunitario bat sortzeko beharretik sortu zuen. Argentinako Trans Memoriaren Artxiboko kidea eta erredakzio saileko koordinatzailea da. Queer jarreratik kultur proiektuetan lan egiten du, arautik kanpo dauden komunitate marjinalak indartzeko sareak eta aliantzak sortuz.Alba Lafarga
Kultur-kudeatzailea eta bideo-saiogilea Youtuben
1994an Bartzelonan jaioa, Alba kultur-kudeatzailea eta bideo-saiogilea da Youtube bidez, eta bertan pentsamendua eta kultura herrikoia nahasten dituen kanala du. Filosofian graduatua da eta Bartzelonako Unibertsitatean Kultur Kudeaketako maisutza dauka. Kultur jarduerak produzitzen eta komunikatzen lagundu du hainbat erakunderekin, hala nola CCCBrekin, Barcelona Pensa Filosofia Jaialdiarekin edo Institut d’Humancorekin. 2023an argitaratu berri den Memeceno. La era del meme en internet liburuaren egilekidea da.Marta Gili
Erakusketen komisarioa eta programatzailea, arte-kritikaria
1957an Bartzelonan jaioa, Marta Gili Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean. Bere ibilbide luzearen barruan, Kataluniako Primavera Fotogràfica Jaialdiaren batzorde antolatzaileko kide, Bartzelonako Fundació Caixako Arcs Aretoko zuzendari edo La Caixa Fundazioaren Argazki eta Ikusizko Arteen Saileko arduradun izatea dira aipagarriak. 2006an Frantziako testuingurura joan zen Parisko Nationale du Jeu de Paume Galerie zuzentzera eta 2019az geroztik Arleseko École Nationale Supérieure de la Photographie-ko zuzendaria da.Elisa Medde
Foam aldizkariko edizio arduraduna, komisarioa eta idazlea
Argazkigintzari eta ikusizko kulturari buruzko lanak argitaratu, komisariatu eta idazten ditu. Artearen Historia, Ikonologia eta Argazki Ikasketak eginak ditu. Bere ikerketek irudiaren, komunikazioaren eta botere-egituren arteko harremanari buruzko hausnarketa egiten dute. Elisa Medde hainbat saritarako hautagaien izendatzailea izan da eta hainbat epaimahairen buru ere bai, esaterako, KABK, ECAL, Brera Academy edota Fotofilmic. C4 Journal, Something We African Got, Vogue Italia / L’Uomo Vogue, YET Magazine eta artista askoren liburuetarako idazten du.Azahara Cerezo
Artista eta komisarioa
1988an Celràn (Girona) jaioa. Bere praktika artistikoa proiektuen komisariotza- eta koordinazio-lanekin konbinatzen du, digitalizazio prozesuekiko eta hauek lurraldean duten eraginekiko etengabeko interesarekin. Bere lana, besteak beste, Nueva Yorkeko Cervantes Institutuan, Bienalsurren (Cucuta, Kolonbia), Nieuwe Viden (Haarlem, Holanda), MUSACen (Leon) eta MACBAn (Bartzelona) erakutsi du. Hitzaldiak eta tailerrak egin ditu ekimen hauetan: Immaterial (Medialab Tabakalera, Donosti), AMRO (Linz, Austria), Screenwalks (Fotomuseum Winterthur, Suiza y The Photographers Gallery, Londres) edo Santa Mònica (Bartzelona). Duela gutxi, ARTéCHO – Art, Economy & Technology Europako programan aukeratua izan da.Jon Uriarte
Artista, komisario digitala The Photographers’ Gallery-n
Hondarribian 1980an jaioa, Argazkilaritza ikasi zuen Bartzelonan eta Nueva Yorkeko ICP-n. PhotoEspaña eta Madrilgo Europear Unibertsitatearen master bat gauzatu zuen Proiektu eta Teoria Artistikoetan. Bere lana zentro eta galeria ugaritan egon da ikusgai, bakarkako eta talde erakusketetan, Madrilen, Donostian, Nueva Yorken, Berlin edo Bartzelonan esaterako. Widephoto plataforma independientearen fundatzailea izan zen eta hiru urtez Foto Colectaniaren DONE proiektuaren zuzendaria. 2020tik 2022ra Getxophoto Jaialdiaren komisarioa izan da. Egun The Photographers’ Galleryn komisario digital moduan dihardu Londresen.María Ptqk
Komisario independente, kultura-ikertzailea eta Getxophotoko zuzendari artistikoa
1976an Bilbon jaioa, María Ptqk ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazioarteko Zuzenbide Publikoan eta Kultur Kudeaketan Masterra. Artearen, teknozientziaren eta feminismoen arteko elkarguneetan egiten du lan. Besteak beste, honako erakundeekin egin du lan: Medialab Prado, Azkuna Zentroa, Fundación Daniel y Nina Carasso, CCCB, Jeu de Paume eta GenderArtNet. Komisariatu dituen erakusketen artean daude, A propósito del Chthuluceno y sus especies compañeras (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB) edota Extinción Remota Detectada (LABoral, Gijón).Laguntzaileak:
Partaidetza 2023






























