Raisa Galofre & Eva Gjaltema

Stay at Home

COVID-19 birusaren eragina nabarmena izan zen Europan 2020ko martxoan, zenbait herrialdek mugak ixtea erabaki eta lehen konfinamendu-neurriak ezarri zituztenean. Isolamendu-hilabeteetan argazki-praktikak izango zituen mugak zirela eta, Yana Wernicke-k eta Jonas Feige-k Stay at Home webgunea sortzea erabaki zuten, mundu osoko argazkilari konfinatuen arteko ikusizko elkarrizketak hasteko eta argitaratzeko online plataforma. 62 herrialdetako 1.000 pertsona baino gehiagok interesa erakutsi zuten ekimenean parte hartzeko, eta 340 argazki-elkarrizketa argitaratu ziren deialdia zabalik egon zen hiru hilabeteetan.

Raisa Galofre eta Eva Gjaltema-ren arteko ikus-korrespondentzia da webean hasi zen elkarrizketako bat. Seriea osatzen duten irudiek beren eguneroko bizitzari egiten diote erreferentzia, non objektuek eta etxeko espazioek –baita bizikidetzako egoera hutsalek ere– biek urrunetik eta elkarlanean egindako ikusizko narrazio bat eraikitzen baitute. Harreman formal eta tematikoek osatzen dute Getxoko Correos-eko eraikineko leihoetan instalatutako ikus-trukearen oinarria.

 

Raisa Galofre artista, argazkilari eta ikertzaile kolonbiar-karibearra da. Komunikazio Zientzietan eta Kazetaritzan lizentziatu zen Universidad del Norte-n, Barranquilla (Kolonbia), eta argazkigintzan maisutza du Burg Giebichenstein Halle Arte eta Diseinu Unibertsitatean (Alemania). Bere argazki-lana errealismo magiko latinoamerikarraren miaketa bisual batetetik abiatzen da, narratiba eta eraikuntza ezarriak, genero irudikapena, identitatea eta gertaera historikoak berriro bisitatu eta zalantzan jartzeko. Bere argazkietan ikus daitezke aurkakoen talkak, nahasketak eta topaketak, osagai errealak, fantastikoak, arrazionalak eta mitikoak, argazki eszenifikatuak eta baita ere argazki-eskulturak.

Eva Gjaltema (Zwolle, 1979) Kultura Ikasketetan lizentziaduna da Amsterdamgo Unibertsitatean eta baita ere Argazki Diseinuan Hagako Ikusizko Arteen Errege Akademian. Argazki-teknika desberdinak eta collageak darabiltza, familia, amatasuna, zahartzea edo leku eta pertsonen galera bezalako gai unibertsalak jorratzeko, beti ere esperientzia autobiografikotik abiatuta. Bere lana Fries Museoaren bilduman eta zenbait bilduma pribatutan dago. Seelevel Galeria (gaur egun Caroline edo Breen Galeria) eta Karianne Rienks Arte Agentzia dira bere ordezkari artistikoak.

 

Instalazioa