Felix Schöppner

Cognition

Felix Schöppner argazkilari alemaniarraren lanak giza pertzepzioaren mekanismoak eta mugak aztertzen ditu, bai eta hura haratago garatzeko teknologiaren erabilera ere.

Gizakiak bost zentzu ditu bere inguruan gertatzen dena ezagutzeko. Zentzumen horiek denborarekin eboluzionatzen badute ere eta entrenatu eta hobetu badaitezke ere, gailu tekniko desberdinen erabilerak erakutsi du giza gorputza berez hautemateko gai ez den fenomeno batzuk badirela. Ikusmen- eta konputazio-tresnak ezinbestekoak izan dira astronomia bezalako eremu zientifikoetan, non ezinezkoa izango baitzen espazioan planetak, sateliteak eta asteroideak behatzea eta aztertzea giza begiarentzat. Nahiz eta tresna horiek eremu ikusgaiaz haratago ikusteko aukera ematen duten, urruna hurbilduz edo txikitasuna handituz, askotan, argazki-irudikapena ez da bitarteko egokia, eta forma grafikoek edo eskala-ereduek hartzen dute haren lekua.

Cognition fotografiatu ezin denari argazkiak ateratzeko interesetik sortzen da. Shöppnerrek eguneroko objektuak erabiltzen ditu astronomiaren oinarrizko teoriak eta fenomenoak (Big Bang, grabitatea, zulo beltzak…) adierazten dituzten zenbait irudi sortzeko.

1990ean jaio zen Bensheimen eta Hesse hegoaldean hazi zen, Alemanian. Felix Schöppnerrek Komunikazio Diseinua ikasi zuen Darmstadt-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean, Argazkigintzan espezializatuz. Naturari eta giza pertzepzioari buruzko proiektu batekin graduatu zen – oraindik abian dena –, eta gaur egun Weimarreko Bauhaus Unibertsitateko Ikusizko Komunikazioa ikasten ari da. Besteak beste, Olaf Blecker, Michael Schnabel, Daniel Stier, Kira Bunse, Anders Hallberg, Markus Jans eta Kai Uwe Gundlach argazkilarien argazki-laguntzailea izan da. Duela gutxi, Düsseldorfen, Berlinen eta Darmstadten, Bauhausen mendeurrena ospatzeko egindako “Bauhaus und die Fotografie – Zum neuen Sehen in der Gegenwartskunst” erakusketan izan zen bere lana. Era berean, Frankfurteko RAY2018rako Arno Rafael Minkkinenek zuzendudutako lehen Masterclass-ean parte hartu zuen, 2019an Deutscher Werkbund-en sartu zen eskubide osoko kide gisa, eta 2021ean Feature Shoot Emerging Talent hautatu zuten. Hainbat teknika eta material konbinatzen dituen lan-prozesu baten emaitza dira bere irudiak. Bere ustetan, argazkigintza giza pertzepzioarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituen prozesu integralaren parte da.


AIRE ZABALEKO ERAKUSKETA

7 COGNITION

Non: Zabala eskola
Helbidea: Zabala 3, Algorta