Gloria Oyarzabal

USUS FRUCTUS ABUSUS (LA BLANCHE ET LA NOIRE)

Gloria Oyarzabalen lanak gorputz eta artefaktu kulturalen gaineko jabetza kolonialaren eskubidea aztertzen du, museoaren sorrerako elementu gisa.

Museoaren ideia duela 300 urte sortu zen, monarken, erregeen edo enperadoreen bildumak publikoari zabaltzeko gune moduan. Esplorazio eta salbazio espiritualaren aitzakian arpilatze kolonialari eusten zioten argudioek diskurtso supremazistaren ondoriozko exotismoa elikatu zuten. Orduz geroztik, kultura-erakundeetan azaldutako elementuak eta haien arkitekturak herrialde askoren identitate kolektiboaren parte bihurtu dira. Obrak eta artefaktuak espoliotik datozenean, Mendebaldeko museo gehienetan gertatzen den bezala, historia, ezagutza, etika edo memoria kolektibo eta indibidualari buruzko nozioak gatazkan sartzen dira.

Oyarzabalen instalazioak artxiboko materialen erreprodukzioak, museo etnografikoetan egindako argazkiak eta Felix Vallotton margolari suitzarraren La blanche et la noire (1913) koadroaren berrinterpretazioak biltzen ditu. Aurrekoen exotismo piktorikoa baztertzen duen pinturaren bertsioek, Europako hainbat museok egindako artelanen arpilatzeari eta itzultzeari buruzko argitalpen berriak dituzte. Oihalez inprimatutako eta egitura modular batean muntatutako irudiak elkarren artean gainjartzen dira, arraza, genero eta espoliazio kolonialari buruzko gaiak jorratzen dituen ikusizko narratiba berria sortuz.

Gloria Oyarzabal Londresen jaio zen 1971n, eta Arte Ederretan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Bere jarduera profesionala zinema, argazkigintza eta irakaskuntzaren artean banatzen du. Madrilgo La Enana Marrón zinema independentearen aretoaren programatzaile eta sortzaileetako bat izan zen (1999-2009), autore zinema esperimental eta alternatiboaren hedapenari eskainia. Bamakon (Mali) bizi izan zen 3 urtez, Afrikaren ideiaren eraikuntzari, kolonizazio eta deskolonizazio prozesuei edo Afrikako feminismoen inguruko askotariko ahotsei buruz ikertzen. 2017an Nigeriako egoitza artistiko baterako hautatu zuten, eta, horri esker, emakume kontzeptuaren kolonizazioari buruzko ikerketa garatu ahal izan zuen. 1996tik film laburren eta dokumental esperimentalen zuzendaritza artistikoko eta argazki finkoko lanak egiten ditu. Lagos Photo (Nigeria), Athens Photo (Grezia), PhototoEspaiña, Format Festival (Erresuma Batua), Thessaloniki Museum of Photographyn(Grezia), Bitume Festival Lecce (Italia), Encontros da Imagem de Braga (Portugal), Odessa PhotoDays (Ukraina), Organ Vida (Kroazia) eta Kauna Ton ikusi izan da. Besteak beste, Landskrona Dummy Award (Suedia), Discovery Award Encontros da Imagem (Portugal), Fotofestiwal GrandPrix (Polonia), Images Vevey Photobook Award (Suitza) edo Aperture Paris Photo Best Photobook Of The Year sariak jaso ditu.


BARRUALDEKO ERAKUSKETA

14 USUS FRUCTUS ABUSUS

Non: Romo Kultur Etxea
Helbidea: Santa Eugenia plaza, Romo


INSTALAZIOA AIRE ZABALEAN

USUS FRUCTUS ABUSUS

Non: Restaurante Tellagorri
Helbidea: Algortako etorbidea 55