Marco De Mutiis

Photographies without photographer

Marco de Mutiisek programa sinple bat sortu du, adimen artifizialeko sistemekin musika eta irudi sintetikoak sortzen dituzten bi tresnekin modu autonomoan nabigatu eta elkarreragiten duena. Lehenengoa, GauGAN2, NVIDIA konpainiaren ikerketa-proiektua da, segmentazio-marrazkietatik abiatuta irudiak ekoizten dituena. Bigarrena, AIVA, konfiguratzeko moduko parametro batzuetatik automatikoki sortutako musika konposatzen duen plataforma da.

Giza agente baten ordez bot bat jartzean, automatizazioaren zirkulua ixten du proiektuak, ikus-entzunezko ekosistema autonomo bat sortuz. Paradoxikoki, prozesu guztiz konputazionalak hedatu arren, irudiak etengabe saiatzen dira giza kultura bisualera hurbiltzen, argazki-tradizioaren estetika eta motiboak errepikatuz. Berez jardutean, programa informatikoek agerian uzten dute gizakiak bere sorkuntzan parte hartu duela; izan ere, garatzaileek idatzi duten kodeak edo algoritmoak entrenatzeko pertsona desberdinek egin duten irudiak etiketatzeko lanak, ezinbestean, sortutako ikus-entzunezko material sintetikoan duten parte-hartzea islatzen du.

Photographies without Photographer-ek (Argazkiak argazkilaririk gabe) argazki-irudiak sortzeko eta adimen artifiziala zein den aztertzen duen musika automatizatua erreproduzitzeko bot xume bat erabiltzen du.

Marco De Mutiis Trenton (Italia) jaio zen 1983an, eta pertzepzio eta komunikazio kontuekin lotutako teknologiekin lan egiten du. Arte Ederretan maisutza lortu zuen City University of Hong Kong unibertsitatean eta bere lana Londres, Montreal, Philadelphia, Atenas eta Hong Kongeko jaialdi eta galerietan erakutsi da nazioartean. Gaur egun, komisario digital gisa lan egiten du Fotomuseum Winterthur-en (Suitza), non formatu esperimentalak dituzten erakusketak edota SITUATIONS ikerketa-laborategia antolatu dituen. Era berean, Lucerne University of Applied Sciences and Arts-ekin egindako “Postfotografia” ikerketa-proiektuaren parte da, eta doktoregoa du Centre for the Study of the Networked Image at London South Bank Universityn. Bere ikerketa ordenagailuko jokoetan eta argazkigintzan, kapturako argazki-ekintzaren simulazioetan, makinen begiradan, fotorrealismoan, argazki-moduetan, argazki-jokoan edo pantaila-kapturako praktiketan oinarritzen da.


BARRUALDEKO INSTALAZIOA

1 PHOTOGRAPHIES WITHOUT PHOTOGRAPHER

Non: Info Puntua
Helbidea: Amezti 4, Algorta