Come Before Winter
Ventura Profana artista brasildarraren lanak ebanjelioak Brasilen duen eragina aztertzen du. Salvador de Bahiako familia baptista batean hazia, bere diziplina anitzeko lanak estrategia ebanjelikoak bereganatzen ditu erlijio kristauaren parte diren patriarkatu zuriaren eta kultura kolonialaren aurkako erresistentzia-metodoak garatzeko.
Igor Furtadorekin eta kolaboratzaile talde batekin elkarlanean egina, irudi sortak Jaunaren erorketa profetizatzen du Come Before Winter (Zatoz negua baino lehen) izenburupean, Pablo misiolari ebanjelizatzaile eta apostoluari egotzitako esaldia erabiliz. Profanaren misioa ebanjelizatzea ere bada, bere kasuan nagusitasun kolonialaren eta nagusitasun zuri patriarkalaren amaiera iragartzen duen berri ona zabalduz. Horretarako, bere irudia berreraikitzen du gorputz beltz trabestituak hartzen dituen “irudi zerutiar, jainkotiar eta super boteretsu” bat gorpuztuz. Bibliako eta bere lehen haur-komikietako pasarteak tartekatuz, eliza neopentekostalak Brasileko politikarekin eta ordezkaritza-forma normatiboekin duen harremana salatzen duten collage eta erretratuek osatzen dute lana.
Salvador de Bahian (Brasil, 1993) jaioa, Ventura Profanak bizitza beltza, indigena eta trabestiaren ugalketa eta ugaritasuna profetizatzen ditu. Tenplu bataiatzaileetatik gertu hazia, misiolaria, abeslaria, idazlea, konpositorea eta artista bisuala da. Eliza neopentekostalen bidez, Brasilgo ebanjelizazioaren metodologian oinarritzen da. Azken urteotan, Werkstatt Der Kulturen Berlin, Alemania, Sesc Pompéia, Pampulha Art Museum, Capacete edo Brasilgo National Museum of the Republic bezalako espazioetan egin izan ditu erakusketak. “A cor de Catu” da argitaratu duen lehenengo liburua. “Prepara Nem – Hau al da gure azken aukera?” bere lan poetikoa 2018ko São Pauloko Bienaleko hezkuntza programaren barruan aktibatu zuten. Brasilgo hainbat unibertsitate eta erakundetan ikertu dute bere lana.
Brasilgo Rio de Janeiron jaio zen Igor Furtado, 1996an. Brasilgo kultura babesteko irudiak ikertzen eta ekoizten ditu. “Identidades marginais” sortu du, herrialde osoko artisten lana sustatzen duen doako online artxiboa, LGBTQ+ komunitateari arreta berezia eskaintzen diona. Argazkigintzaren bidez, gorputzaren eraldaketa- eta adierazpen-potentzialari buruz hausnartzen du, fantasia- eta errealitate-nozio berriak uztartuz. Gucci, Facebook edo WeTransfer bezalako marka multinazionalentzat lan egin du eta bere lana Paper, i-D, Vogue edo The British Journal of Photography bezalako hedabideetan argitaratu izan da. 2020an, Nazio Batuek gazte aitzindari sortzaile izendatu zuten, eta 2021ean Eco-Agek emandako Renaissance Awards saria jaso zuen.

AIRE ZABALEKO ETA BARRUALDEKO ERAKUSKETA
10 COME BEFORE WINTER
Non: Containers Portu Zaharra