MEJORES AMIGOS PARA SIEMPRE (LOB – LAGUNIK ONENAK BETIKO)
MAPS
ARGAZKI ESKOLETAKO IKASLEEN TOPAKETA 2022
Parte-hartzaileak: Elisava, IEFC, Univ. Politécnica de Valencia, LENS, EFTI, TAI, EASD Antonio Faílde, Blackkamera, CFC Bilbao

MAPS (; LOB – Lagunik Onenak Betiko;) gorabidean diren artista bisualen arteko topaketa bat da. Hainbat eskolatako ikasleek elkar ezagutzeko, beraien lanak elkarbanatzeko, kezkak adierazteko, bakoitzaren proposamenen inguruan hausnartzeko eta elkarlanerako eta ezagutza-sareak ehuntzeko aukera dute bertan.
Getxophoto 2022ko zabaltze astean elkarrekin bizi izan zuten asteburuan, ikasleek elkarrekin egoteko, jardueretan parte hartu eta Getxora beraien lanak aurkeztera etorri ziren artistak ezagutzeko aukera izan zuten.
Bestetik, Getxophotoko lanen aukereretarako taldeak, Jaialdiaren hurrengo edizioan erakutsia izateko, Maider Jiménezen Aquí ninguén fala diso lana aukeratu du. Jiménez LENS Escuela de Artes Visuales-eko ikaslea da.

Elisava
Elisavak, UVic-UCCko Diseinu eta Ingeniaritza Fakultateak, diseinuaren, komunikazioaren eta ingeniaritzaren arloetan hezkuntza, ezagutza eta ikerketa sustatzen ditu. Bartzelonan kokatuta, Elisavak 20.000 ikasle baino gehiago prestatu ditu 60 urteko ibilbidean. Elisava Researchekin batera, eskolak enpresa, erakunde eta GKEekin proiektuak garatzen ditu ezagutza sortu eta transferitzeko, egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko eta aldaketa sustatzeko.
IEFC
Kataluniako Institut d ‘Estudis Fotogràfics irabazi-asmorik gabeko kultura-elkartea da, eta bere filosofia zerbitzu publikoan oinarritzen da. Argazkilaritzaren azterketa, ikerketa eta zabalkundea sustatu eta bultzatzea du helburu. 40 urte daramatza argazkilarien prestakuntzan eta sustapenean lanean, eta baita argazki-ondarearen kontserbazioan eta hedapenean ere.
UNIVERSIDAD POLITÉCNICA DE VALENCIA
UPVko Argazkigintzako, Arteko eta Teknikako Masterra argazkigintzaren inguruko diziplina anitzeko programa berritzailea da, ikasleei bikaintasun akademiko handiko irakaskuntza eskaintzen diena, maila profesional goreneko prestakuntza artistiko eta teknikoarekin batera. Helburua ikasleei gaur egungo argazki-sorkuntzaren erronkei arrakastaz aurre egiten laguntzeko beharrezko dituzten tresnak eta estrategiak ematea da.
LENS
Madrilen kokatuta, Arte Bisualen Eskolak maila guztietako argazkilaritza eta bideo ikastaroak eta masterrak eskaintzen ditu, aurrez aurreko eta online modalitateen bidez. Lanean diharduten karrera artistiko nabarmena duten profesionalen sare bat osatzen dute, zentroari gaurkotasuna eman eta egile-argazkigintzako profesionalak prestatzen laguntzen diotenak.
EFTI
Madrilgo Nazioarteko Argazki eta Zinema Zentroa 1987an sortu zen, eta nazioarteko erreferentziazko zentroetako bat bihurtu da argazkilaritzaren abangoardian. Etengabeko berrikuntza bilatzen duen eskola irekia da, unean uneko behar aldakorretara egokitua, pentsamendu kritikoa, autogarapena, ikerketa zorrotza eta sormena sustatzen dituena.
TAI
1971n sortua, TAI arte eskola unibertsitarioa abangoardiako eta arte diziplinetako prestakuntzarako erreferentzia da gaur egun. Mundu osoko 30 herrialde baino gehiagotatik etorritako sortzaileen komunitate bizia. Artea gizartearen oinarrizko elementu eraldatzaile gisa ulertzen dute. Diziplina guztien elkargune dira, komunitateen komunitate bat, non talentuak batzen diren zeharkakotasunaren eta arteen ikuspegi integralaren bidez.
Blackkamera
Bilbon kokatzen den Blackkameran urteak daramatzate plataforma aktibo, pedagogiko eta praktiko bat ezartzen, ikasleen etengabeko prestakuntza eta garapena sustatuz, maila, ildo eta proiektu desberdinetako ikastaroekin. Ikastaro horiek erreferentziazko proiektu bihurtu dituzte, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Estatu mailan ere, argazkigintzaren irakaskuntzaren munduan batez ere, betiere sormena, esperimentazioa eta kultura bisuala sustatuz.
EASD Antonio Faílde
Ourenseko Antonio Faílde Arte eta Diseinu Eskola espezialitate ugari eskaintzen dituen zentro publikoa da, eta titulazio ofizialak ditu argazkigintza, barne-diseinua eta grafikoa, ilustrazioa eta zurgintza artistikoan. Diseinuaren kultura irakasteko eta sustatzeko harreman-espazio bat sortzea du helburu, izan ere, diseinua gizarte-errealitateko arazoak konpontzen laguntzeko tresna ahaltsu gisa ulertzen du.
Centro de Fotografía Contemporánea de Bilbao
2013an sortu zenetik, CFC Bilbao proiektua sendotu egin da, eta argazkigintza topaketarako, prestakuntzarako eta kulturarako motibo bihurtu nahi du ingurunea maite dutenentzat, Euskadin zein Euskaditik kanpo. Espazio integral eta balioanitza, non ikastaro estentsiboak, teknikoak eta espezializatuak, erakusketak, argitalpenak, hitzaldiak eta beste jarduera batzuk eskaintzen diren. Barneko irakasle-talde bat du, guztiak jardunean dauden profesionalak, irakasle espezializatuez gain.





































