Javier Silva-Meinel

silva

 

Bere obra Ande sakonetako argazkigintza izenda litekeenaren joeretako batean koka daiteke. Lehenengo begiratuan, bere argazkiek errealismo magikoaren ikusmen-unibertsoa islatzen dute, baina esanahiaren atea zabalik uzten diote bitasunen lurraldeari; bere irudiek, zuzenean adierazi gabe, poztasunaren atzeko mina, egunerokotasuna, politika eta erlijio-errituak barneratzen dituzte. Argazkigintzaren historian zehar indar gehien eduki duen estereotipoetako bati buruz, hau da, exotismoaren irudikapenaren gainean, mendebaldeko begiek egindako irakurketa ezbaian ipintzen du Javier Silvak Peruko Erretratuak bilduman. (A. Castellote)
Trebetasun berezia du, eta horri esker, errealitatea eraldatzen du bere kameraren begitik begiratzen duenean. Agian, lanaren alderdirik zoragarriena hauxe da: bere argazkietako pertsonekin dagoen elkarrizketa. Argazkilariak prestatutako birsortze horretan parte hartzen dute, oso jarrera naturalarekin. Horren bitartez, irudien indarra bermatzen da. Bere begirada dokumentu antropologikotik harago doa, eta gure irudimena pizten du errealitate berri bat sortuz, hain zuzen ere, pertsona hauek beren inguruarekin lotuta, faunarekin batez ere. Irudiek bestiarioak ekartzen dituzte gogora, baita izaki mitologikoak agertzen diren fabulak ere. Hala ere, ez dute benetako unibertso erlijioso edo magikoa irudikatu nahi. Hauxe da paradoxa bitxia: munduaren bi ikuspegiak agertzen direnean kameraren aurrean errituala sortzeko, Amazonaseko benetako azal misteriotsua ikustea lortzen dugu. (Throckmorton Fine Art)
Silva-Meinel Liman jaio zen, Perun, 1949an. Argazkilaritza deskubritu zuen Ekonomia ikasten zuenean, eta 1971ean horretan bakarrik aritzea erabaki zuen. Bere hastapenetan paisaien argazkiak eta argazkilaritza komertziala egiten zituen. 1984an hasi zen erretratuetan interesa jartzen eta Andeetako nahiz Amazoniako erritual, ohitura eta erlijio kutsuko jaiak argazkitan hartzen. Silva-Meinelek 1978an egin zuen bere lehen bakarkako erakusteka, Liman. Ordutik, mundu osoko hainbat galeria eta museotan erakutsi du bere lana. 1988. urteaz geroztik argazki liburuak argitaratu ditu; La piel del Amazonas izenekoa da horietatik azkena. Herrialde askotan egon dira ikusgai bere argazkiak: Peru, Estatu Batuak, Brasil, Espainia, Erresuma Batua, Belgika eta Holanda.