Amy Friend

Dare alla Luce

16_amy-friend

 

Objektuak diren heinean, argazkiak hauskorrak diren bezala, argazkien edukia ere ahula izaten da. Amy Frienden lanak agerian uzten  ditu bi gaitasun horiek: objektu fotografikoaren ahuskortasuna eta bizitzaren ahuskortasuna. Friendek bere eskuetara iturri ezberdinetatik iritsitako erretratu zaharrak berrerabili, berbisitatu, atzetik argiztatu –irudietan zuloak eginez-, berfotografiatu eta, beraz, berradierazten ditu. Modus operandi dotore horrekin zerbait bikaina lortzen du, argiaren bitartez –argazkilaritzaren lehengaia- irudi zahar horiek bizitzara itzultzeko gai delako; iragana inguratzen duen iluntasuna argiztatzeko gai da, eta, aldi berean, eder bihurtzeko gai.

Irudi haiek orain dela urte asko ateratakoak dira, eta ziur asko, bere garaian, hunkitu egin zuten, erakusten zuten gertukotasunarengatik. Hala ere, gaur egun, gu ere hunkitzen gaituzte, agian orain dela urte asko ateratakoak direlako. Susan Sontag ospetsuak esaten zuen: denbora igarotzeak argazkiak arte-lan bihurtzen ditu. Oso baieztapen erradikala dirudi, baina Amy Friend, bere berrirakurketa pertsonalarekin, esaldi hori egi bihurtzeko gai izan da.

 

Ontarion jaio zen 1974an. Torontoko OCAD University-n ikasketak amaitu eta gero, Europa, Afrika, Kuba eta AEBtik bidaiatu zuen. Arte Ederretan eta Hezkuntzan lizentziatu zen eta masterra egin zuen Arteetan. Erakusketak egin ditu nazio- zein nazioarte-mailan eta hainbat aldizkaritan argitaratu du, hala nola, Eyemazing, Muse Magazine edo California Sunday Magazin-en. Hiru urtez jarraian aukeratu dute 50 emakume argazkilari onenen artean Critical Mass International Photography Competition-en. Amy irakaslea da St. Catharines-eko Brock University-ko Marilyn I. Walker School of Fine and Performing Arts-en, Ontarion.

 

Friend_16_02
Friend_16_04
Friend_16_03