Jan Von Holleben

Kolonian (Alemania) jaio zen 1977an. Bere argazki-lana eta bere gurasoen (zinemagilea eta haur-terapeuta) eraginaren artean lotura estua dago. Hamahiru urterekin bere aitaren ildoari jarraitu zion, argazki kamera bat hartu eta era guztietako “truku magikoekin” esperimentatuz. Gero Londresera joan zen bizitzera eta Argazkilaritzaren Teoria eta Historian lizentziatu zen Surrey Institute of Art and Design-en. Young Photographers United-eko zuzendaria izan zen; Photodebut-en sortzailea eta zuzendaria eta Diva aldizkariko eta Pocko agentziako argazki-zuzendaria. 2007an The photographer´s office kolektiboa sortu zuen. Urte berean PhotoEspaña liburu onenaren saria jaso zuen Dreams of Flying liburuarengatik. 2010ean Joop Swart Masterclass-erako hautatu zuten.

Basamortua zakur baten gainean zeharkatzen edo galdutako altxorrak ozeano hondoan bilatzen, bere argazkiek galdutako haurtzaroaren nostalgia errealitate bihurtzen dute. Bere gurasoen eragin nabarmenarekin, lan hau haurtzaroaren eta jolasaren irudikapen bisualean oinarritzen da. Haur-liburu klasikoetan eta superheroi modernoetan inspiraturik, Dreams of Flying etengabe eboluzionatzen ari den lana da; 2002an ekin zion lan horri eta behin eta berriz sartzen ditu Alemaniako hego-mendebaldeko bere auzoko haurrak.