Jeongmee Yoon

Seulen (Hego Korea) jaio zen 1969. urtean. Pinturan graduatu zen Seuleko Arte Ederren Unibertsitatean eta Argazkilaritzan Seuleko Hongik-eko Unibertsitatean. New Yorkeko School of Visual Arts-en Argazkilaritza sailaren titulua ere jaso zuen. Bere lana Seoul Museum of Art, Washington-go Library of Congress edo Houston-go Museum of Fine Art-en bilduma iraunkorrean dago. Bere argazkietan objektuak pilatzearekiko obsesioa nabarmentzen da. Aurreko serieek horren fede ematen dute: Zoo, Natural History Museum edo Space-Man-Space.

JeongMee-k bere alabarekin hasi zuen The Pink and Blue Project, alabak bost urte zituenean. Kolore arrosaren zale amorratua zen, eta soilik arropa arrosa jantzi eta kolore horretako objektuekin jolastea nahi zuen. Geroago konturatu zen bere alabaren kasua bakarra ez zela, baizik eta nahiko ohikoa zela herrialde osoan. JeongMee-k pelikulako Hasselblad kamera bat erabiltzen jarraitzen du eta irudiaren objektu guztiak ordenatzeko prozesuari esker lan-prozesu zehatza sortzen du, hori bere argazkietan islatzen delarik. Bere lanak ikuspegi kritikoa eskaintzen digu, kontsumo-merkatuak genero-estereotipoak era zentzugabean nola sortzen dituen azalduz.