Jill Greenberg

Montrealen (Kanada) jaio zen 1967. urtean. Ohorez graduatu zen Argazkilaritzan Rhode Island School of Design-en. 2000. urtean, Los Angeles-era joan zen eta bertan bizi da orduz geroztik. 2007an Photo aldizkari frantsesak berrogei argazkilari garaikide onenetariko gisa aukeratu zuen. Publizitateko argazkilari moduan hainbat multinazionaletarako egin du lan, hala nola Microsoft, Polaroid, Sony, Disney, Fox eta Pepsi. Bere estilo bereziak eta ukitu zehatzak joerak markatu dituzte azkeneko urteetan publizitatearen eta erretratuaren arloan. Jill-en argazkiak Time, Newsweek, Wired, Los Angeles Times, The Sunday Times, Entertainment Weekly eta beste argitalpen batzuetako azaletan agertu dira. Monkey Portraits, Bear Portraits eta End Times liburuak argitaratu ditu.

End Times negarrez agertzen diren umeen lehen plano estilizatu eta hiperrealek eztabaida eragin zuten 2006. urtean. Negarrarazteko lehenengo gozokiak eskaintzen zizkieten eta gero kendu. Portaera ez etikoa eta umeen abusua bezalako alegatu ugari entzun behar izan zituen Jill-ek. Ama izanik, Jill-ek kontrakoa dio eta argazkian irteten diren umeek ez zutela inolako kalterik jasan adierazi du. Argazkilari honentzat erretratu horiek Bush-en administrazioarekin eta Estatu Batuetako fundamentalismo kristauarekin sentitzen zuen frustrazioa islatzen dute.

 

Copyright Jill Greenberg courtesy of ClampArt Gallery, NYC.