Alban Lécuyer
Alban_03_web

Gogoan izan dezagun hirurogeigarren hamarkadan periferiako hirigune berrietako bizilagunek, etxebizitza-bloke handi eta modernoetakoek, harrotasunez bidaltzen zituztela postalak gehiengoa konfort-modu berri batean sartu izana ospatzeko. Gaur egun ghetto hondatu bihurtu diren eta esklusio-guneetan dauden eraikinak suntsitzera behartuak gaudenean, atzetik etorriko diren eraikinak harrokeriaz ospatzen dituzten irudiak ikusten ditugu obretako hesietan. Urbanizazioa, norbanakoaren lekua hirian, talde-zentzua, arkitektoen eta politikoen erantzukina edo erantzukizun ezaren inguruko hausnarketarako arrazoia dago hor. Testuinguru sozialean irudiaren erabilera ere hausnarketarako gaia dugu. Irudi horrek ilusioa sortzeko duen gaitasuna erabiltzen da eta ez errealitatearekin erlazionatzeko duen gaitasuna, bere indar dokumentala baino egiaren bat esateko duen gaitasun eza. Alban Lécuyer-en muntaketek dotoreziaz eta irmoki, min gehien dagoen lekuan sartzen dute hatzamarra, eta jarrera irmoa adierazten da; analista zorrotzak irudiaren fikzioak interpretatzen ditu, bere begiradaren bitartez lehenengo eta gure begiradaren bitartez gero, kontzientziak esnatzeko. Ahotsa altxatu gabe egiten du, ondo pentsatutako aliantzen bitartez eta kolore arranditsurik gabe. Egiazko erantzukizunarekin egiten du, ikuspuntu etikoa defendatzera bideratutako bere estetikaren koherentzia onartuz. Politikaren kontzeptu zintzoari, hain gaitzetsia dagoena, zentzu berri bat emanez: hiriko bizitzaren erronkei buruzkoa.

 

Parisen jaio zen 1977an. Kazetaritza eta Argazkilaritza ikasi zituen Lilleko Kazetaritzako Goi-mailako Eskolan. Batik bat arkitektura-argazkilari moduan egiten du lan proiektu publikoetan eta konpainia pribatuentzat. Hainbat aldizkarirekin kolaboratzen du eta Nanteko DMAko irakaslea da Argazkilaritzaren Historian eta Irudiaren Analisian. Bere proiektu pertsonalak etxebizitza-modu berrien analisian oinarritzen dira, ikuspuntu sozial, ekonomiko, politiko eta mediatikotik, eta baita hiri-espazioaren alterazioan ere.

 

Alban_01_web

 

Alban_02_web

 

Alban_04_web