ELA
ELA_14_01

ELA sindikatoaren jarduera 1911. urtean hasi zen, SOV izena hartu zuen orduan (Solidaridad de Obreros Vascos) eta bere sorrera Eusko Alderdi Jeltzaleak bultzatuta eman zen. Sindikatoa arin zabaldu zen Gipuzkoa eta Bizkaian barrena, baina astiroago Nafarroa eta Araban. Gaur egun Euskal Herriko sindikatorik indartsuena da bai afiliatu zein ordezkari kopuruari dagokionez. 100.000 afiliatu inguru ditu, biztanleria 2.500.000 pertsonakoa izanda. Hasierako garaietan gizarte-laguntzan jarri zuen arreta: langabetuentzako jantokiak, diru-laguntza bereziak, mediku-arreta, eskolatzea, kontsumo kooperatibak, etab. ELA-ren lehenengo kongresua 1929-ko urrian ospatu zen. Bigarrena 1933an heldu zen, eta honekin batera SOV izena utzi eta ELA-STV (Eusko Langileen Alkartasuna – Solidaridad de los Trabajadores Vascos) hartu zuten. Hirugarren kongresua ospatzear zegoenean, 1936an, Gerra Zibilak eztanda egin zuen eta diktadura frankistak sindikato guztiak legez kanpo utzi zituen, ofizialak zirenak (Sindicato Vertical delakoa) salbuespen. ELA-k bere jarduera publikoak eten zituen eta 40 urtetan zehar klandestinitatean mantendu zen. 1977an sindikatoa legezkoa izan zen berriro, eta 1979an laugarren kongresua ospatu zen. Bertan ELA-k Gernikako Estatutuari baietza eman zion, baina baita honek gizarte-politikan zituen gabeziak azpimarratu ere. 1980 urtean ELA-k lehenengo postua lortu zuen hauteskunde sindikaletan eta ez du postu hori galdu harrezkero. Gaur egun ez dago inolako alderdi politikorekin lotuta organikoki.

 

ELA-k bere dokumentazio zentroa dauka. Bertan sindikalismo, lan-merkatua eta ekonomiari buruzko milaka liburu egoteaz gain, historian zehar erakundeak sortu dituen materialak eta dokumentazioa ere biltzen dira. GETXOPHOTO-k bere irudi eta kartelik esanguratsuenak aukeratu ditu eta begirada berezia eratu du, ez bakarrik lanaren aldeko borroka eta lan duintasunaren gainean – geroz eta ezegonkorragoa eta ahaztuagoa dena -, baita aldarrikapen hauek bultzatzen dituzten erakundeen gainean ere.

 

ELA_14_02 ELA_14_03 ELA_14_04