Matthew Pillsbury

Time Frame

16_mathew-pillsbury

 

Denboraren igarotzea erregistratzea da Matthew Pillsburyren obsesioetako bat. Hamar urtetik gora darama, estilo eta emaitza bisual bereziarekin, mundu osoko museoei eta bertako bisitariei argazkiak ateratzen. Lan artistikoaren etengabeko presentzia aldaezina eta lan horiek hartzen dituen espazioa ikusleen nora ezeko ibilerarekin gurutzatzen den lekuetan jartzen du begirada.  Artelanak eta arkitektura izugarriak geldirik daude, aldagaitz, denboraren igarotzeari jaramonik egin gabe. Etengabe mugitzen ari diren bisitariak, aldiz, zehaztugabeko oroitzapen bihurtzen dira, iraganeko mamu.

Itxuraz erraza den teknika erabiliz, esposizio luzeak eta eskura dagoen argi naturala soilik, Pillsburyk abileziaz lortzen du orduak argazki bakar batean islatzea, denbora fisikoa eta psikologikoa erregistratzea, guk ikusi ezin dugun moduan gauzak erakustea. Estetika paregabeko irudiak oparitzen dizkigu eta espazio horien inguruko dokumentu dotoreak izateaz gain, giza jardueraren iheskortasuna eta iragankortasuna gogorarazten diguten erregistro bisualak ere badira.

 

Neuillyn jaio zen, Frantzia, 1973an, eta New Yorken bizi eta egiten du lan. Ohorez graduatu zen Historian eta Ekonomian Pariseko École Alsacienne-n 1991n eta Artea ikasi zuen geroago Yale Universityn eta New Yorkeko The School of Visual Art-en. Bakarka zein taldean egin ditu erakusketak nazioartean eta Musée du Louvre, Guggenheim Museum, The Victoria & Albert Museum eta Tate Moderneko bildumetan ikus daitezke bere argazkiak. Komunikabide askotan ere argitaratu du, hala nola, The New York Times edo La Repubblican, eta 2014an Guggenheim Memorial Foundation beka jaso zuen.

 

Pillsbury_16_02 Pillsbury_16_01 Pillsbury_16_03