2015 Bidaiak
  • Komisarioa
    15_COMISARIO


    Bidaiei 
    buruz
    Christian Caujolle

    Lehenengo argazkilariak bidaiariak izan ziren. XIX. mende amaieratik –lehenengo beren jatorrizko herrialdeetan, gero, Italian, pintoreen arrastoaren atzetik, eta ondoren,

    Egipto eta Ekialde Hurbileko aztarnategi arkeologikoetan– beren tresna berriaren bitartez, artea eta arkitekturaren historia jasotzen hasi ziren, historia hura betikotuz. Garai hartan bidaiariak ikustea arraroa zen. Mende eta erdi geroago, argazkilaritzaren estatusa eta erabilera erabat aldatu direnean, bidaia masa-fenomeno bilakatu da, mundu osora zabaldu eta turismoaren sinonimo izatera pasatu da. Bidaia eta irudia inoiz baino elkartuago daude, eta zirrara esanguratsuen eta gizartearen eboluzio globalaren ardatza dira.

    Erronkak eta eraldaketak hobeto ulertu ahal izateko, azpimarratzekoa da bidaia-argazkilaritzaren esparruan bidaia-antolatzaileek nabarmen aldatu dutela panorama, eta smartphonen bitartez guztiak bihurtu garela irudi-ekoizle. Lehendabiziko esploratzaileen ondoren, antropologoak eta etnologoak hasi ziren zilarrezko irudia erabiltzen, beren ikerketak osatu eta gizateriaren tipologia osatzeko. Lehenengo bidaiariek ez bezala, antropologo eta etnologoek, argazkilaritza, helburu zientifikoarekin burutu zuten. Bidaiari dirudun haiek, familian edo lagunekin, paisaia zoragarriak, arte-lanak edo monumentu garrantzitsuak bilatu nahian, mundu osoan egindako bidaietan ateratako argazkiak souvenir gisa gordetzen zituzten albumetan. Zaletu horiek ugaritu, prentsa ilustratua garatu eta prentsa euskarri espezializatu bihurtu zenean, bidaia-argazkilaritza profesionala jaio zen. Amets bat aurkitzeko borondatea, sedukzioa eta esploratzeko gogo bizia konbinatuz, argazkilaritzak ez zion exotismoari uko egin, eta postalaren industria, brillodun paperean egindako hileroko inprimakiak eta ikuspegi sinplista eta estereotipatua elikatu zuen munduaren ikuspuntua sortu zuen. Beste leku batzuetako esperientzia fisikoaren aurrean, mundura sartzeko aukera izan genuen eta dugu gaur egun ere, gero eta gehiago ordezkatzen duen ilusio kodifikatuaren bitartez. Ez da Nicolas Bouvier-en maiteminduak eta bidaia estandarizatuetatik ihes egiten duten abenturazaleak baino askoz gehiago gelditzen.

    Gaur egun –bidaian bertan, edo, gutxienez, joan-etorrian– edozeinek sor ditzake irudiak, berehala igorri eta ezagunekin partekatu. Eta, zorionez, hobe da horrela. Baina hemen, argazkilaritza-gaiak baino gehiago, gai sozialak daude jokoan. Irudi digitala bidaiaren zati da, aireportuan bi ordu lehenago agertu behar izatea bezalaxe. Berezko jardutea da, iraganeko jardutearekin eta souvenir bat gordetzeko gogoarekin mintzatzen dena. Zenbat denboraz eta nola gordeko den ez dakigun souvenir-a. Sare sozialetan eta jasotzen ditugun mezuetan –gure ezagunen bidaien lekuko direnak– erraza da azpimarratzea estereotipoak zein neurritan dauden finkaturik. Bidaia –horrela deitu badiezaiokegu–, buruan dugun klixea benetan existitzen dela ziurtatzera joatean datza. Eta klixe hori errepikatzean.

    Irudiaren praktika masibo horrek argazkilariak –argazkilari gisa definitu direnak eta programazioan nabarmentzen ditugunak– beren tresnak zergatik eta nola erabili nahi dituzten erabakitzera derrigortzen ditu eremu ezaguna uzten dutenean. Jakina, proposamenak askotarikoak dira: gauza berriak aurkitzeak eragiten dituen sentsazio liluragarrien gozamenaren baieztapenetik, bidaiariak ulertu nahi dituen hainbat egoeraren analisira arte. Dokumentala edo poetikoa, analitikoa, deskribatzailea edo kontzeptuala, proiektu baten inguruan bidaia batean egindako argazkilaritza –sarri bizitzeko modu baten aukeraketa dena–, argazkia aztertzeko modu bilakatzen da; bere jatorrian, gai garaikideetan, gaur egun eskaintzen dituen aukeretan, zentzua emateko duen gaitasunean edo ezintasunean aztertzeko modu bihurtzen da. Horrek guztiak irudi finkoaren jardute guztientzat balio du, baina dagokigun eremuan ñabartu egiten da, piramideen aurrean beren tripodeak jarriz liluratzen ziren kameralarietatik mundua bera ere aldatu egin delako, eta bidaiak, jada, ez duelako zentzu berbera.

    Jendetza-turismoak eguzkia, harea fineko hondartzak, palmondoak, koralak, lakuak edo esmeralda koloreko ura bilatzen duen jendetza eragin badu ere, bidaiari-mota berri bat jaio da, ugaritzen ari den bidaiari-mota. Bidaiari horiek ez dute lekualdatzea aukeratu. Derrigortuak sentitu dira. Arrazoi ekonomikoak tarteko, landa utzi eta gero eta gehiago hedatzen ari diren hirietara joan diren barrualdeko immigranteak; erregimen diktatorialetatik, gatazken beldurretik, hondamendi ekologiko eta ekonomikoetatik ihes egiten duten errefuxiatuak. Desplazatu zenbatezin horiek argazkilarien ardura dira batez ere, prentsak informatzeko oinarrizko funtzioari uko egin eta gero, dokumental-moduak beren formak eta moduak birdefinitzen ari diren unean.

    Bidaiari berrien egoera horrek leku nabarmena hartzen du programazioan, gure munduko errealitatearen zati garrantzitsu bihurtu delako –Ipar-Hegoaren arteko harremanak sakon aldatu dira, eta oreka Ekialderuntz joan da–. Horrez gainera, egoera horren bitartez, argazkilariek beren adierazpen-moduaren aurrean egiten dituzten galderak jaso eta zerrendatu ditzakegu, ez hain modu sakonean. Milioika pertsona, baldintza krudeletan, mugak ezkutuan gainditzen ahalegintzen ari direnean, populazioaren desplazamenduak inoiz baino handiagoak direnean, eta bidaia kontsumo-gaia denean –tragedia zahar edo berriak gertatu diren lekuetara ere bisitak proposatzen dira–, argazkilarien erantzukizuna konprometitua dago.

    Bidaiatzearekin goza daiteke. Mundura irekitzeko modua ere bada. Argazkilaritza, autoreei dagokienez, erronka baten aurrean dago: egiazko bidaia probatzea eta bidaia hori ahalik eta jende gehiagoren eskura egotea, bertan lortzen diren irudiak baino asebetegarriagoa da. Beste bidaiari batzuen agerpenean, derrigorrezko ibilbideak erreproduzitzean eta desplazamenduen masifikazioan aurkitzen du argazkilaritzak bere zentzua birdefinitzeko espazioa. Horrek pentsarazten digu argazkilaritzak baduela zereginik gaur egun. Eta gainera, eginkizun estetiko, politiko eta etiko bat bere gain hartzen jarrai dezakeela.

     

    Christian Caujolle-ri buruz

    Kritiko ezagun eta komisario ospetsua, Caujollek lan ikaragarria egin izan du argazkigintzan. Michel Foucault, Pierre Bourdeau eta Roland Barthes-en ikasle eta laguntzailea izan zen, Libération egunkariaren editore grafikoa eta VU´ agentziaren sortzailea, Les Rencontres d´Arles jaialdiko zuzendari artistikoa eta PhotoEspaña edo Rotterdam-go Foto Biennale-ko komisario ere bai. Makina bat erakusketa antolatu ditu eta Lartigue, Klein, Petersen, Depardon, Ackerman edota García Rodero argazkilarien monografien editorea izan da. Gaur egun, Kanbodiako Photo Phnom Penh jaialdiko zuzendaria da eta 2013tik aurrera GETXOPHOTO komisarioa izango da hiru urtez.

  • Egileak
  • Laboratorioa
    15_Mayrit

    Etxetik atera barik mundua irudikatu

    XXI. mendearen hasieratik irudiak ekoizteko, pentsatzeko eta hauekin harremanetan egoteko teknologia berriek erabat aldatu duten argazki agertoki berri batean gaude. Gerra-erreportari ausartaren edota lurralde urrunetako argazkilari esploratzailearen mitoak zaharkituta geratzen ari dira eta hauek gailentzen ari diren pertsonaia berriek ordezkatu dituzte: segurtasun kameratarako sarbidea duen hackerra edota edonon topatu dezakegun sakelako berrienak dituzten turista mordoak.

    Argazkilari, kazetari edo amateurren egoeraren inguruko ikuspegi zehatza eskainiko du lantegi honek. Bidaia-kazetaritzaren oinarriak ezagutzeko ibilbide laburra egin, ondoren argazkilariok eskura ditugun irudikapen teknika berrietan sakonduko da. Facebook edo Instagram bezalako zerbitzuek argazkigintza zelan eraldatu duten eta gure onurarako zelan erabil ditzakegun ere aztertuko dugu. Hasteko “postfotografia” deritzon korrontearen inguruan hitz egingo da. Estrategia amateurrak eta hauek eremu profesionalean duten eragina, eta “bertan egon nintzen” esaldian oinarritutako paradigmatik “hemen nago” paradigmara egindako jauzia ikertzen duten inplikazio teorikoei buruz ere hitz egingo dugu: berehalakotasuna, fake-ren politikak, argazkiak partekatzeko erabilpen berriak…

    Irudikapen forma berri hauei aurre egiteko argazkilariontzako erabilgarriak suerta daitezkeen tresnak aztertu eta komentatuko ditugu. Eskura ditugun app, software eta websitei buruz hitz egingo dugu eta argazki gailu berriak ikertuko ditugu, esaterako, mobilak, webcam, segurtasun kamerak, Google edota bideojokoak.

    Azkenik, ikasleek tailerrean garatu diren kontzeptu eta tresnak baliatuz ariketa praktikoak egin eta amankomunean jarriko dituzte.

    Daniel Mayrit

    1985.en urtean jaio zen Madrilen. Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Universidad Complutense de Madrid-en eta Londresen bizi izan da, bertan University of Westminster-en argazkigintzan graduatu zen.

    Bere argazkietako batzuk Foto8 eta Free Range erakusketetan eta SCAN Tarragona edota Photo Ireland bezalako jaialdien erakutsi ditu, eta besteak beste Londreseko Photographers Gallery-n ere bai. Bere azken lanak  PhotoEspaña 2014 jaialdian ikusi ziren.

    Bere lehenengo liburua, You Haven’t Seen Their Faces, Riot Books-ek argitaratu du 2015ean.

     

     

  • Itxialdia vol.3

    15_ENCERRONA_2

    Beste batzuen bitartez kontatzea

    Encerrona bueltan da berriz ere, argazkilaritzarekin lotutako gaiak berraztertu eta eztabaidatzeko espazioa. Hitzaldiak eta hizketaldiak egun osoan, goiz eta arratsaldez, bazkaria barne, giro atseginean. Toki urrun batean, hizlari eta parte-hartzaileentzat ihesbiderik ez duena.

    Itxialdia Vol. 3 prozesu sortzaileaz arduratuko da, bereziki bestearen ekarpenik gabe hau ezinezkoa den heinean. Arte komisario, argazkilari eta editore grafikoek haien esperientziak kontatuko dituzte eta haien lanen zergatia ere bai, haien hasiera eta bilakaera haien jatorrizko eremuetatik. Horretaz gain, proiektu berrietan sartzen garenean sortzen zaizkigun oztopoen inguruan hitz egingo dute eta planteamendu berriei buruzko hausnarketak egingo dituzte maila pertsonal nahiz profesional batean.

    9:30 – 10.00
    Sarrera eta kafea.

    10:00 – 10:20
    GETXOPHOTO aurkezpena 

    10:30 – 12.00
    PAPERAREN PAPERA
    Bi editore grafikoen gogoetak
    Mauro Bedoni (COLORS Magazine-en editore grafikoa)
    Arianna Rinaldo (OjodePez-eko editorea)

    12.00 – 13.30
    MUSEO BAT ZUZENDU SAIAKERAN ZENDU GABE
    María Ptqk-k Vicente Todolí elkarrizketatuko du
    Vicente Todolí (komisarioa)
    María Ptqk (kultur-ikertzailea)

    13:30 – 15.00
    BAZKARIA

    15:15 – 16.30
    ERAKUSTEA DIBERTIGARRI DENEAN*
    Vevey-ko Images arte bisualen jaialdiaren arrakasta.
    Raphaël Biollay (Images jaialdiaren programatzaile eta produktorea)
    Moderatzailea: Alejandro Castellote (komisarioa)
    * Ingelesez

    16:30 – 18.00
    IRUDIAK HACKEATZEN
    Jabetzea abiapuntu bezala. 2 kasu.
    Daniel Mayrit (argazkilaria)
    Reinaldo Loureiro (argazkilaria)
    Moderatzailea: Jon Uriarte (argazkilaria)

    18.00 – 18.15
    GRAPHIC RECORDING
    Pernan Goñik jardunaldiaren ideia nagusiak irudien bidez laburbilduko ditu. 

    18:15 – 19.30
    BONUS TRACK
    Garagardoak, zizka-mizkak, familia argazkia…

    15_ENCERRONA_2 15_ENCERRONA_1 15_ENCERRONA_4

    BIOAK

    Mauro Bedoni
    Italian jaio zen. Fotokazetaritzan graduatu zen Paduako Unibertsitatean eta Italiako hainbat argazkilaritza-agentziatan egin du lan. Komunikazio-kanpaina multimediak egin ditu hainbat erakunderentzat eta ekitaldi ugari antolatu ditu, AntennaCinema International Film Festival edota Padua hirirako hainbat proiektu. Editore moduan Colors Magazine-kin bat egin aurretik, Italiako telebista publikoko RAI News 24-rako egin zuen lan. 2011ko Lucie Awards sarietarako nominatu zuten argazki-editore gisa.

    Arianna Rinaldo
    Italian jaio zen. Argazkigintza munduan, ediziotik erakusketa eta liburuen komisariotzara doan tarte zabalean era independentean lan egiten du. Aldizka, argazkigintza tailerrak eta ikastaroak ematen ditu, eta mundu osoan portfolio ikuskatzeetan parte hartzen du.  Gaur egun, OjodePez aldizkariaren zuzendaria da eta Toscanako Cortona On The Move Jaialdiko artez zuzendaria da. Magnum Photos New York-eko artxibo zuzendaria izan zen eta Colors aldizkariko editore grafikoa, baita D, La Repubblica-ko astekariaren argazki aholkularia ere bai. Arianna nazioarteko hainbat sarietako epaile izan da, World Press Photo esaterako eta besteak beste Magnum Foundation Emergency Fund edo Joop Swart Masterclass-eko hautaketa komiteko kide da.

    Vicente Todolí
    Valentzian jaio zen 1958. urtean. Artearen Historia ikasi zuen Yaleko Unibertsitatean eta New York-eko City University-n. 20 urteko ibilbidean hainbat postu bete ditu: Valentziako Arte Modernoaren Institutuko zuzendari artistikoa, Oportoko Serralves Museoaren zuzendari-sortzailea eta Londresko Tate Modern-eko zuzendaria. Horrez gainera, Londresko Parasol Unit-eko kontseiluko eta Figueres-eko Dalí Fundazioko kontseiluko kide ere bada.Gaur egun, Italiako arte garaikideko egoitzarik nagusienetakoa den  Milango Hangar Bicocca-ko zuzendari artistikoa da. Chevalier des Arts et des Lettres da eta Portugalgo Da Espada San Jakueren ordena jaso zuen 2003an.

    María Ptqk
    Bilbon jaio zen 1976. urtean. Artearen alorreko profesionala da 2000. urteaz geroztik, eta ekoizpena, komisario-lana, ikerketa eta proiektuen koordinazioa egiten ditu. Ondorengo esparruetan jartzen du arreta: baliabide berriak eta kultura digitala, artea eta kultura zientifikoaren arteko elkarguneak, sareko kulturatik ondorioztatutako ezagutzaren ekoizpen-formatu berriak, feminismoa eta genero-ikerketak, eta kultur politikak. Azkeneko 15 urteetan Paris, Bartzelona, Berlin eta Bilbon bizi eta egin du lan, eta erakunde, argitalpen eta proiektu askorekin kolaboratu du, estatuan zein Europan. 2014az geroztik, Bilboko consonni arte-produkzio etxean egiten du lan.

    Raphaël Biollay
    Vevey-n jaio zen, Suitzan, 1970ean. 2008. urteaz geroztik, Vevey-ko Images-eko komisarioa da. Jaialdi horrek, bi urtetik behin, Suitzako hiri horretako kaleak aire zabaleko museo bihurtzen ditu. Horrez gainera, “Vevey Images Fundation”-eko Idazkari Nagusia ere bada, eta bertatik ikuskatzen ditu jaialdiaren ekoizpena eta erlazionatutako hainbat proiektu, hala nola, Quai1 erakusketa edo Vevey International Photography Award. 20 urte baino gehiagoz egin du lan ekoizpen artistikoetan eta artea, bideoa eta argazkilaritzaren esparruan, nazioarteko erakunde esanguratsuekin ere kolaboratu du.

    Alejandro Castellote
    Madrilen jaio zen 1959an. 1985etik 1986 Madrileko Circulo de Bellas Arteseko Argazki saileko zuzendaria izan zen, non FOCO Jaialdia antolatu zuen (1985-1989). PhotoEspaña-ko zuzendari eta sortzaile izan da (1998-2000). GETXOPHOTO jaialdiko lehenengo 3 edizioetako komisario izan da; MAPAS ABIERTOS. Fotografía Latinoamericana 1991-2002; C on Cities en el Padiglione Italia X Venice Biennale Architecture-n, 2006. Biennale Photoquai, París-en Latinoamerikatik etorritako komisario bezala. Seoul Photo Fair, Corea del Sur eta Singapore International Photography Festival. 2014.ean de Daegu Photo Biennale –eko zuzendari izan zen  Hego Korean. Gaur egun. l Master Latinoamericano de Fotografía Contemporánea-ko zuzendaria da Centro de la Imagen de Lima, Perun eta Wang Qingsong eta François Hebel-ekin batera, Txinako ChangJiang International Photography & Chongqing –eko Video Biennale-ko zuzendaria da.

    Jon Uriarte
    Hondarribian (Gipuzkoa) jaio zen 1979an. Argazkilaritza ikasi zuen Kataluniako Institut d´Estudis Fotogràfics-en eta New Yorkeko International Center of Photography-n. Horrez gainera, masterra egin zuen Proiektu eta Teoria Artistikoetan PhotoEspaña-n eta Madrileko Unibertsitate Europarrean. Hainbat arte-egoitza eta galeriatan erakutsi du bere lana, taldeka zein bakarka, besteak beste Madrileko La Casa Encendida-n, Donostiako Koldo Mitxelenan, New Yorkeko Studio 304-n, Berlingo HBC zentroan eta Bartzelonako Sala d´Art Jove-n. Gaur egun Bartzelonan bizi da eta argazkilaritzako irakaslea da bertan.

    Reinaldo Loureiro
    Compostelako Donejakuen jaio zen 1970ean. Argazkilaritza Dokumentalean eta Fotokazetaritzan masterra egin zuen London College of Communication-en. Aurkitutako eta artxiboko irudiekin egiten du lan, bere argazki propioekin batera, eta gaur egungo desberdintasun politiko eta ekonomikoaren testuinguruan mugimendu migratzaileen konplexutasunari heltzen dioten argazki-entseguak sortzen ditu. Bere proiektuak The British Journal of Photography-n eta National Geographic-en agertu dira, eta hainbat erakusketa kolektibotan hartu du parte, Argentinan, Erresuma Batuan eta Espainian.

    Daniel Mayrit
    1985.en urtean jaio zen Madrilen. Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Universidad Complutense de Madrid-en eta Londresen bizi izan da, bertan University of Westminster-en argazkigintzan graduatu zen. Bere argazkietako batzuk Foto8 eta Free Range erakusketetan eta SCAN Tarragona edota Photo Ireland bezalako jaialdien erakutsi ditu, eta besteak beste Londreseko Photographers Gallery-n ere bai. Bere azken lanak  PhotoEspaña 2014 jaialdian ikusi ziren. Bere lehenengo liburua, You Haven’t Seen Their Faces, Riot Books-ek argitaratu du 2015ean.

    Pernan Goñi
    Oñatin jaio zen (Gipuzkoa) 1968an. Marrazkilari freelance moduan bizi eta egiten du lan Bilbo eta Bartzelonan. Hitzaldi edo testuen ideiak marrazkietan laburtzen ditu; zuzenean egiten den prozesu horri Graphic Recording deitzen zaio. Stoy-board eta animazioak ere egiten ditu, eta euskarri digital zein fisikoekin egiten du lan. Horrez gainera, marrazkia tresna pedagogiko gisa ere erabiltzen du, gizarte- eta gazte-bazterketarekin lotutako proiektu hezigarrietan. Bere bezeroen artean daude Eusko Jaurlaritza, Euskal Telebista, Bilboko Guggenheim Museoa, Forum d´Avignon, Bilboko Udala, Donostia 2016 Fundazioa, eta baita artistaren karikaturak sare sozialetan erakusten dituzten lagun ugari ere. Pernan Goñi