2008 Mutazioak
archivo_2008
  • Komisarioa 2008
    Castellote

    ALEJANDRO CASTELLOTE

    Martin Heidegger alemaniar filosofoaren esanetan “Aro Modernoaren funtsezko fenomenoa mundua irudi gisa konkistatzea da”. Gizaki modernoaren obsesioetako bat, lurralde sendoaren bilaketa ei da, galdera metafisikoei erantzun absolutuak ematea. Baina ez luke sostengu hori errealitatean bertan aurkituko, bere biki artifizialean baino, bere erreprodukzio sinbolikoan, bere irudian. Errealitatearen ikuspegi sendoa oinarri izango lukeen espazio mitiko hori eskain zezakeen argazkigintzak; ez da harritzekoa, bere sorreran argazkigintzaren izaeraren paradigma, funtzio dokumental eta argigarri bihurtu izana.

    Mende berri honen zeinu dira eraldaketak, mutazioak eta berregituraketak. Teknologia berriek aldaketak ekarri dituzte erlazionatzeko moduari, informazioa lortzeko erraztasunari eta ideien zirkulazioari dagokienez. Baina errealitatea irudikatzeko dugun moduarekin dugun erlazioa ere aldatu da. Errealitateak eta egiak, hitz hegemoniko izateari utzi diote, eta kontsentsuz atxikitako kontzeptu bihurtu dira. Akaso horregatik argazkigintzak bere objektibitate xedeak berrikusi ditu, eta gaur egun errealitateari buruzko beste begirada bat eskaintzen ari da, zehaztugabetasunean eta bitartekoan zentratua, sarritan simulakroa, fikzioa edo antzezpena erabiliz. Hauxe litzateke Wang Qingsong txinatarraren lanaren kasua; erlijioek eta proiektu politikoek eskaintzen duten zoriontasunaren utopia zalantzan ipintzen duten antzezpenak. Marcos López ere eszenaratzearen antzerki-izaeraz baliatzen da itxuren hauskortasunaz eta gaur egungo gizartean irudiak daukan gehiegizko garrantziaz gogoeta egiteko.

    Argazkigintzaren arima errepresentazioaren eraikuntza da, hori dela eta, argazkilari garaikideek mundua irudi faltsu, zalantzagarri eta polisemikoekin berkonfiguratzen dute, gaur egungo pentsamenduaren ezegonkortasuna eta ahultasuna agerian utziz. Sammy Balojik iragan kolonialaren berrirakurketa proposatzen du. Esplotazioaren arrastoak -ikusgai garaiko argazkien bidezbadirau antzinako esklaboen lan berberak gaur egun betetzen dituzten beharginengan, eta begibistakoa da zapalketak bestelako estrategiak baino ez dituela hartu.

    Marxek historia lehenengo tragedia bezala eta gero fartsa moduan idazten dela esaten zuen bezala, XXI. mendeko arteak aurreikuspen horrekin bat egiten duela ematen du, eta munduaren eszenifikazioak ere badakartza. Hauetan estetika edo sarkasmoa, ideologia eta hausnarketen gainetik kokatzen direla eman dezake, eta kontraesanek baieztapenek baino leku handiagoa hartzen dute. Jorge Ruedak, bere fotomuntaien histrionismo formaletik abiatuta, Espainiako historian tragediatik fartsarako igarotzea ilustratu zuen 70eko hamarkadan. Dionisio Gonzalezek ere manipulazioa darabil, bere kasuan digitalki hiru dimentsiotan bolumenak sortuko ditu São Paulo bezalako hiri erraldoi baten bazterrei buruz iritzia emateko. Inguru hauetako favelen arkitektura apalak eta gaur egungo eraikinen azal distiratsuak bata bestearen gainean jarriko ditu. Hiriak, eta euretan aurki ditzakegun bizitza zati kontaezinak, gaur egungo argazkingitzak sarri askotan jorratzen dituen gaiak dira. Argazkiak adostea horrenbeste kostatzen zaigun errealitatearen zatiak dira. Gauzak horrela, ez da harritzekoa Lobo Altunak proposatutako lana: luzaroan bera bizi izan den Areeta auzoko plaza iruditan zatitu du, espazio horrek azken hogei urteotan jasandako aldaketei buruz hitz egiteko.

    Julio Bittencourt-ek, mundu osotik joandako immigrantez gainezka zegoen bere hiriko -São Paulo- eraikin batean bizi ziren pertsonaien mosaikoa egin du. Gizartearen beste muturrean, Esteban Pastorino argentinarrak XIX. mendean egiten zen moduan, ezinezko kamerak asmatzen ditu. Izan ere, historiako garai hartan makina berriak asmatzeko gizakiaren botereak erabatekoa ematen zuen. Bere argazkietarako pertsonaiak mundu osoko hirietan aurkituko ditu. Ananké Asseff-ek berriz, tipologiak bailiran erretratu serie bat aukezten digu. Erretratuok Buenos Airesko dirudunak jotzen dituen delikuentziaz hitz egiten dute. Kalibre txikiko armak izugarri zabaldu dira han, eta horrek ederto erakusten du zernolako beldurra duten dirudunek Carlos Menem presidentearen erorialdiaren ondoren, bere proiektu politikoak ekarri zuen kirisialdi ekonomiko latzak eragindako indarkeriak gora egin eta gero. Argazkigintzak itxura omentzen du, eta gizarte garaikideak kontzeptu hori paradigma mailara igo du; itxurak gurarien arabera molda ditzaketen teknologiak garatzera ailegatu da, azalkeriari eskainitako denboran -eta hortaz, artifizialtasunetan oparoa- bizi garen ustea azpimarratuz. Miguel Trilloren argazkiek tribu urbanoak osatzen dituzten gazte taldeen itxuren atzean ezkutatzen diren tribu-kodeak agerian uzten dituzte. Gizartearen parte izateko gure nahiak antzezteko, bere estudio fotografikoa jendearen esku ipintzen du Philip Kwame Apagyak. Kwamek bezeroen eguneroko bizitzaren lekuak eskuz pintatutako dekoratuekin ordezkatuko ditu. Horietan modernitateak eta gure existentziaren kanpo itxura aldatzeko talde-desioak
    antzerki izaera hartuko dute.

    Gure aurpegi eta gorputzek sufritzen dituzten aldaketen jarraipen fotografikoa egin du urte luzez Pere Formiguerak. Denboraren igarotzea erakusteko tipologiak erabili izan ditu ikus-tresna moduan. Cecilia Paredesek berriz, bere gorputzaren azala darabil bere imajinario berezia osatzen duten alegiazko transformazioak, edo nahi bada, bere era askotako nortasunak antzezteko.

    Hain zuen ere, galderak nagusitu eta erantzunak falta diren garai honetan, artista bisualak, birtualtasuna egunerokoaren beste dimentsio bat bezala egokitzen ari den garai hau zelan irudikatu aztertzen ari dira. Galdera hauek adibidez, Fernando Maquieiraren tximinoen erretratuen aurrean azaltzen zaizkigu; samurtasuna, sinpatia, eta erakusten duten keinu ia humanoengatik, irrealitatea darien erretratu kezkagarriak. Amaitzeko, Gonzalo Azumendik gure gizartearekiko begirada baikorraren alde egiten du, eta mundu nahastu eta tolerantearen aldeko bere ideia baieztatzeko umoreaz baliatzen da.

     

  • Egileak 2008
  • Galeria 2008
  • Jarduerak 2008
  • Liburua 2008

  • Grafika 2008
    Getxophoto-poster08b-404x630 gp-book2_01 gp-book2-mix3 gp-brochure08-01 gp-brochure08-03 gp-brochure08-05